ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek osatzen duten langile batzordea eta zuzendaritza atzo goizean elkartu ziren, Sammic lantegian. Lan hitzarmen «duina» eskatzen zuten langileek, eta aurrez saiakerak egin badituzte ere, ez dira gai izan atzora arte akordioa ixteko. Atzo eguerdian adostu zituzten hitzarmenaren puntu berriak; lau urterako sinatu dute ituna.
Ezadostasuna inaplikazio klausularekin edo blindatze klausularekin zuten bi aldeek. Baldintza bezala jarri zuen enpresak hitzarmena aldatzeko edo ez aplikatzeko aukera izatea. Langileek, ordea, euren desadostasuna adierazi zuten puntu horrekiko. Akordio berriaren arabera, hitzarmenean jasotakoa errespetatuko duela adierazi du zuzendaritzak. Gainera, lau urte bete eta itun berria sinatu aurretik, zuzendaritzak beste hamazortzi hilabetez bete beharko du hitzarmena. Horrez gain, bi aldeek soldaten igoera adostu dute hitzarmen berrian; enpresako sail ezberdinetako langileen soldatak berriz berdindu egingo dituzte. Adostutako beste puntua izan da lan ordutegia malgutzea.