Isilpean. Horrela eraman du Maite Lopezek (Azkoitia, 1985) bere lehen liburuaren argitalpena. Idaztea txikitatik gustatzen zaion arren, Pienso, luego escribo poema liburua kaleratu izanak “harridura” sortu du bere inguruan. Izan ere, liburua fisikoki eskuan izan arte, ez die proiektu literarioaren berri eman, ez familiari, ez bikote kideari eta ez lagunei. “Espero baino erantzun hobea jaso dut, ordea”.
Nola sortu da liburua?
Betidanik gustatu izan zait idaztea, eta zerbait argitaratzeko gogoa ere izan dut. Hainbat poema nituen idatzita eta argitaletxe batzuetara bidaltzea erabaki nuen. Bi argitaletxek interesa agertu zuten, nire harridurarako. Oso pozik hartu nuen interesa. Horrela, gehiago idazten hasi nintzen, liburua osatu arte.
Noiz jakin zenuen liburua amaituta zegoela?
Zaila da gero hori jakitea! Hala ere, liburu bat inoiz ez dagoela amaituta uste dut. Nire kasuan, poema kopuru jakin bat nuen idatzita, eta liburu bat osatu zitekeela pentsatu nuen. Argitaletxearekin hitz egin nuen eta tamaina polita zela esan zidaten. Orduan erabaki genuen amaituta zegoela.