Iruñeako erasoaren egileak aske geratu direla salatzeko, elkarretaratzea deitu du arratsalderako Sostenipek

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 22a, 09:50

Auziaren kontra azkena plazan egindako kontzentrazioa.

Nafarroako Auzitegiak onartu egin du defentsaren eskaria, eta behin betiko epaia iritsi bitartean baldintzapean aske geratuko dira Iruñeako talde bortxaketaren egileak. Hori salatzeko, Sostenipe Talde Feministak elkarretaratzea deitu du 20:45rako, eta plazan elkartuko dira 21:00etara bitartean.

 

Emakumeon argazkia

Argazkiak: Uztarria

 

Atzo, osteguna, Emakumeon Argazkia egin zuten Urola eskualdeko hainbat talde feministek eta norbanakok. Argazkia egin ondoren, honako testu hau irakurri zuten:

Gaurkoan, Urola Kostako hainbat talde, eragile eta norbanako feminista elkartu gara, gure herrietan egunerokotasunean ematen diren eraso sexista desberdinak jasotzeaz nazkatuta gaudelako.

Biolentzia matxistari hortzak erakusten dizkiogu! Elkarrekin indartsuago egiten ari gara, antolatuta gaude, eta beldurrik gabe erantzuteko prest gaude. Indarkeria matxistaren aurrean, hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia iritsi da.

Indarkeria sexistaren aurkako borrokan, agente sozial, politiko eta instituzional guztien ardura ezinbestekoa da. Pasibotasunak ez du balio. Gure herrietan egunerokotasunean jasaten ditugun erasoen erantzukizun pertsonala zein kolektiboa da; eta erasotzaileek eta euren babesleek erantzukizuna dutela argi dugu. Eraso bat gertatzen bada, erantzun bat emango dugu.

Gainera, orain bertan jaso dugu La Manadaren baldintzapeko askatasunaren berri. Gaurko hau, justizia gizonek eta gizonentzat egindako neurrira, patriarkatuaren neurrira dagoela frogatzen duen beste adibide bat besterik ez da. Jendartea eta sistema osoa errotik aldatu ezean, ez dugu parekidetasunerantzko biderik egingo.

Aski da! Nazkatuta gaude, aurrean izango gaituzue!

Matxismoaren aurrean, autodefentsa!

Feminista!

Gaua eta kaleak gureak dira!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide