Aldarrikapen hori gauzatzeko elkartasun ibilbideak antolatu dituzte. Gaur goizean ia ehun errefuxiatu siriarrek Aizpurutxotik Loiolara bitarteko bidea egin dute, eta erakundeek harrera egin diete Loiolan. Bidelagun Iñigo Urkullu lehendakaria duela, bertan izan da Javier Zubizarreta alkatea, «errefuxiatuei babesa erakusteko xedez», azaldu dute udaletik.
«Bestearen tokian —esan du Zubizarreta alkateak— jarriko bagina, eskuzabalagoak izango ginateke eta gure bihotzak handiagoak izango lirateke». «Sustraiak ahaztu gabe, abegi ona egiten dieten herriak ere gogoan izateko esan die, integratuz dauden tokian, dituzten eskubide eta betebeharrekin», gehitu du Zubizarretak.
Iñigo Urkullu lehendakariak, berriz, hiru hitz azpimarratu ditu: ongi-etorria, abegi ona eta elkartasuna. Errefuxiatuek manifestu bat entregatu diote, eta 'Caminos de Hospitalidad' irakur zitekeen zapi urdin bat zintzilikatu diote lepotik.
Ekimenaren helburua da etorkizun hobeago baten bila ihes egindako migratzaileei harrera egin eta haiek gizarteratzeko toki bat aldarrikatzea. Errefuxiatu taldeak atzo Nafarroan egin zuen ibilbidea, eta Xabierko Gaztelua bisitatu zuen. Gaur, Urola bailaran izan dira.
Samer Hamati da gaur parte hartu duen errefuxiatuetako bat. Duela bost urte Portugalera iritsi zen Siriatik ihes egiteko beharra ikusita. Bragako Unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta gaur egun, siriar errefuxiatuen koordinatzailea eta Go Forward mugimenduko kidea da. «Siria aipatzen duenean jendeari gatazka, gerra, etortzen zaiola burura», esan du. Eta aldiz, badela beste Siria bat non kultura, musika eta jende atsegina dagoen. Berak Euskal Herria ere albistegietatik ezagutzen omen zuen, eta ez orain dakienagatik.
Gogorarazi dute bigarren Mundu Gerratik izan den errefuxiatu-krisirik handiena jasaten ari dela mundua. «Konpondu ezinezkoak diruditen gatazkak ditugu hainbat lurraldetan; esaterako, Sirian, Afganistanen eta Afrikako Adarrean. Hori dela eta, lurralde horietako herritar zibilak etengabe ihes egiten ari dira, beren bizitzak salbatzeko», adierazi dute Loiolan. Gaurko ekimenak Azkoitiko eta Azpeitiko Udalen eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du.