Urtetik urtera indartzen ari da Pelotai Eune eta aurten ere mugimendua sortu du Kontzejupean. Parte hartzeari begira, datuak esanguratsuak dira. «Duela pare bat hilabetetatik hona –dio Iker Agirrek– 100 partidatik gora jokatu dira. Txapelketan, gizonezkoetan, 42 bikotek hartu dute parte eta emakumezkoetan, erdi mailan 8 eta goi mailan 6 bikote izan dira». Aurten emakumeen partaidetza izan da berrikuntzetako bat. Agirrek dioen moduan, «gure funtsa Kontzejupera pilota bueltatzea da, hori da eta guk gazteago ginenean ikusi genuena. Azken urteetan ez da horrelakorik izan eta berreskuratu egin nahi dugu».
Aurten Pelotai Eune ez da egun bakar batera mugatuko. Ostiraletik hasiko da. Hilaren 8an, 18:00etan, Kontzejupean Ander Letamendia sendagileak pilotarien eskuei buruzko hitzaldia eskainiko du, emakumezkoen finalerdiak eta gizonezkoen final-laurdenak jokatu aurretik. Sailkatzen direnak zapatuan jokatuko dute. Pilotariez gain, Reyes Azkoitia izango da eguneko beste protagonista, berak izango baitu pelotazue botatzeko ohorea, pilotaren alde egindako lanarengatik. Eta nola ez, aurreko urteetan bezala, omenaldia egingo zaie herriko gizon eta emakume pilotariei.
Ondoren, bazkaria egingo dute Jorge Oteiza frontoietan. «Pare-pareko tokia da», eta 300 bat lagun bilduko dira. Egitaraua borobiltzeko, Torre-Zuri aretoan ere pilotaren inguruko erakusketa egongo da ikusgai.
Pelotai Euneko antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie Udalari eta gainerako babesleei. «Gure helburua betetzeko laguntza jaso dugu eta oso eskertuta gaude Udalari, pilotalekua edo Torre Zuri erakusketa aretoa uzteagatik edota Oteiza frontoietan bazkaria egin ahal izateko materialagatik, aulkiak, mahaiak… Babes ekonomikoa emateaz gain, erraztasun guztiak jarri dizkigu. Era berean, Juan Bautista Mendizabali eta lagundu diguten enpresa eta merkatariei ere eskerrak eman nahi dizkiegu».
Javier Zubizarreta alkateak txalotu egin du ekimena, ideiak edukitzea eta baliabideak jartzea garrantzitsua delako, baina boluntarioen lanik gabe ezinezkoa delako horrelako proiektuak aurrera ateratzea. «Pelotai Eune erreferente izaten ari da eta zuek –antolatzaileei- lanak ondo eginda ekarri izan dituzue udaletxera, eta, beraz, gure babesa izango duzue». Pilotariz jantzi eta egunaz gozatzeko gonbitea luzatu dute denek.