Nekazaritza produktuen azoka, txahal errea eta sagardoa igandeko Herri Jaian

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 31a, 10:22

Herriko baserritarren nekazal produktuak erosteko, txahal errearen mokadutxoa egiteko eta etxe desberdinetako sagardoa dastatzeko aukera izango da igande honetan, ekainaren 3an, Azkoitian.

 

Herri Jaia Azkoitiko baserritarrak eta baserriko bizimodua txalotzeko sortutako ekimena da, baserriko produktuak balioan jarri, plazaratu eta kontsumitzaileak bertako produktuen kalitateaz jabetzen laguntzeko. Aurten, nekazariek bederatzi postu jarriko dituzte, Herriko plazan. Barazkiak, loreak, gazta, eztia, ogia eta beste hainbat produktu eskainiko dituzte.

Urtero bezala, Ikurriñaren plaza txahal erreketaren eszenatoki bihurtuko da goizean eta bertaratzen direnek Eusko Labela duen txahalaren okela pintxoak dastatu ahalko dituzte. Pintxoei laguntzeko, etxe ezberdinek ekoiztutako sagardoa eskainiko da. Betiko moduan, txahala eta sagardoa dastatzeko txartelak aurrez eskatu beharko dira inguruan izango den postuan. Goizeko 11:00etatik 14:00etara bitartean, gainera, haurrentzako puzgarriak jarriko dira Goiko Losan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide