Idiakez Ederra etxearen akordioa sinatu dute Udalak eta Visesak

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 31a, 10:17

Argazkia: Azkoitiko Udala

Idiazkez Ederra eraikina Visesa sozietate publikoari ematea adostu dute Udalak eta Visesak. Modu horretan, eraikinean babes ofizialeko hamalau etxebizitza Visesak eraikitzeko hitzarmena sinatu dute. Alde biek «leial eutsi diote hasieratik» eraikina birgaitzeko hartutako konpromisoari, eta udalbatzak eta Visesaren Administrazio Kontseiluak hitzarmena onetsi ostean, akordioa ofizialki sinatu dute.

Egutegia ere zehaztuta dute, eta aurreikusitako epeak ondorengoak dira: behin hitzarmena sinatuta, Visesak zortzi hilabeteko epea du obra lizentzia eskatzeko. 2019ko urtarrilerako aurreikusten da lizentzia eskuratzea, eta obrak 2019ko urrian esleituko lirateke. Ondorioz, obren amaiera 2022ko lehen hiruhilekorako aurreikusten da, eta urte bereko hirugarren hiruhilekoan entregatuko zaizkie etxeak jabeei.

Eraikinetik 408 tona hondakin atera ostean, «datozen hilabeteetan kanpotik ikusita obrak geratuta daudela emango du, tramite administratiboak etenik gabe aurrera jarraitu arren». Halaber, datozen hilabeteak etxebizitzen exekuzio proiektua egiteko behar dira.

Horrela azaldu du Javier Zubizarreta alkateak: «Geldirik urteak egon ostean, azken lanek berriro eraikin horretan bizitza ikusiko den esperantza piztu dute herritarren artean. Eta horrela izango da. Hala ere, datozen hilabeteetan berriro kanpotik dena geldi dagoela emango du. Denbora horretan, ordea, barne lana egingo da. Visesak proiektua landuko du, gero obrak esleitzeko. Konpromisoak argiak dira. Visesa buru-belarri murgildu da Idiakez Ederra etxearen birgaitze proiektuan, eta dena bideratuta dago. Babes ofizialeko etxebizitzen eraikitzea martxan dago, baina ulertzekoa den bezala, herritarrei nahi baino luzeago egingo zaie, guri bezala, bai Udalari eta bai Visesari eskutik joan gara hasieratik-eta», azaldu du alkateak.

Garabia kenduta

Duela egun batzuk kendu zuten Idiakez Ederra aurrean azken asteetan egon den garabia hondakinak ateratzeko eta obrak hasten direnean jarriko da berriro.

Beheko lokalaren erosketa

Halaber, hitzarmenaren arabera, «Udala konprometitzen da Idiakez Ederra azpiko lokala erostera 215.000 eurogatik —gehi BEZ— 2020 amaierarako edo 2021 hasierarako», adierazi dute udaletik. Lokal horretan Plaza Ondo erretirodunen zentroa eraikiko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide