«Pentsio baxu hauekin oso larri bizi beharra daukagu»

Maxixatzen.eus 2018ko eka. 4a, 13:33

Arantxa Zuazolazigorraga, Juanita Lizarralde eta Juli Arregi, erretiratuak.

Juanita Lizarralde (Azkoitia, 1940), Juli Arregi (Azkoitia, 1942) eta Arantxa Zuazolazigorraga (Azkoitia, 1943) erretiroa hartuta daude, eta pentsioak %0,25 handitzea oso gutxi dela uste dute.

Astelehenetako elkarretaratzera noizean behin joaten dira, eta ez daude ados Alderdi Popularrak pentsioak %0,25 areagotzearekin. Haien ustetan, desadostasun hori aldarrikatu beharra dago pentsio duinak lortzeko. «Batez ere, gure pentsioak hobetzeko joaten gara elkarretaratzera, baina ondorengoengatik ere bai, hein batean», azaldu dute.

«Gure seme-alabak hipotekatuta baldin badaude, guri ezin digute lagundu, nahikoa dutelako beraienarekin. Eta guk, berriz, oso larri bizi behar dugu pentsio baxu hauekin», diote.
Badakite askok hilean 500 eta 600 euro inguru kobratzen dutela, eta uste dute hori «oso gutxi» dela gaur egun bizitzeko. «Esaterako, mediku pribatu batengana joan beharko bagenu larrialdiren batean, ezingo genuke. Alarguntasunagatik 400 euro inguru ematen digute hilean. Eskerrak geuk ere fabrikan lan egin genuen; bestela, zer?», esan dute. «Beste batzuek, berriz, bizitza osoan lan egin dugu, baina sekula ez dugu ezer kotizatu».

Ez dute uste pentsioak hobetuko direnik Mariano Rajoy agintean dagoen bitartean. «Besteak ere ez dira gugatik asko mugituko; denek joko digute adarra guri!».

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide