Igerilekuko alternatibak aztertuko ditu IDOk ekainaren 6ko bilera irekian

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 29a, 10:18

Instalakuntza Duinak Orain! taldeak igerilekuko alternatiben azterketa aurkezpena egingo du ekainaren 6ko bilera irekian. Bilera Elkargunean izango da, 19:00etan. Gaiaren inguruan informazio gehiago nahi duenak bileran jasoko duela azaldu dute taldetik.

 

Azkoitiko Udalak eta IDOk hainbat bilera egin eta gero, igerileku berria egiteko aukeren azterketa egiteko eskatu zioten Sestra enpresari. Guztira bost alternatiba aurkeztu zituen arkitektura eta ingeniaritza enpresak, baina bakarra hobetsi zuten martxoaren 7ko Hirigintza Batzordean: gaur egun elkarguneko belar artifizialeko futbol zelaia dagoen lekuan eraikiko litzateke igerileku berri, berdegunea kanpoko saskibaloi pistara mugituz.

Lehenetsitako proiektu horrek zortzi kaleko igerilekua aurreikusten du, 1,40 metroko sakonera uniformearekin. Aukera hori hobesteko arrazoi nagusia da, udalaren arabera, estalduraren eta instalakuntzaren itxieraren gainkarga. Aukera horrek badu gainera balio bereizgarri bat irisgarritasunari dagokionez; igogailua eraikiko litzateke aldageletatik zuzenean. Aukera horren aurrekontua 1.538.073 eurokoa da, eta horrek finantziazioa bilatzeko «esfortzu handia» eskatzen duela esan du udalak behin baino gehiagotan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide