Joan den otsailetik, astelehenero, herriko plazan bilduta pentsio duinak eskatzeko elkarretaratzea egiten ari dira ehunka pentsiodun. Espainiako presidente Mariano Rajoyk 2018ko aurrekontuetan pentsioak %0,25 handitzea erabaki zuen, eta igoera hori gutxiegi dela uste dute pentsiodunek. Pentsioak gutxienez kontsumoko prezioen indizearen pare igo daitezela eskatzen dute, hau da, %1,60. «Bizi kalitatea igotzen bada, pentsioek ere igo egin behar dute; %0,25 oso gutxi da. Eta igoera horrekin bost urte daramatzagu», diote Plaza Ondo erretiratuen elkarteko kide Jesus Mari Giralt, Karmen Elorza, Estefania Ayerdi eta Jesus Alberdik. «Hilean 600-700 euro inguru kobratzen ari den jende mordo bat dago, eta zenbateko hori 1.080 eurora handitzeko eskatzen dugu», azaldu dute.
Historikotzat jo dituzte hiriburuetan martxoan egindako manifestazioak. «Aurrerantzean ere asko izango dira, jendea oso haserre dago eta», diote. «Lana badagoela eta langabezia tasa jaisten ari dela esaten ari dira, eta pentsioak gero eta txikiagoak dira. Hori ez dago sinesterik. Lana ariko da zerbait areagotzen, baina oso soldata apalak daude ipinita. Modu horretan, nagusiak bakarrik ari dira aberasten. Soldata duinik ez baldin badago, pentsioetarako diru poltsa ere txikiagoa izango da; horrela ezin da bete. Gainera, gazteek ere gurasoen dirutik bizi behar baldin badute, ez direlako hil amaierara iristen, ezinezkoa da pentsiodunek haiek mantentzen laguntzea», gaineratu dute.
Bestalde, uste dute alferrikakoa dela langileen bidez osatzen den diru poltsa hori handitzea, ondoren agintariek «eskua sartzen badute beraiek nahi dutenean». «Beste gauza asko ordaintzeko erabili izan dute pentsioen poltsa hori orain arte, eta hori ez dago ondo. Mariano Rajoy 2011n presidente jarri aurretik, 67.000 milioi inguru zeuden pentsioetarako, eta orain, berriz, 3.000 miloi inguru. Hartu eta hartu egin dute, eta inoiz ez berrezarri. Berrogeitaka urte kotizatzen pasatu ondoren, orain esatea agian ez dela posible izango pentsio duin bat jasotzea… horrek erre egiten zaitu. Esaterako, Espainian 450.000 politikari daude, eta Alemanian 150.000. Zertarako Espainian hainbeste? Ez dira horrenbeste lanpostu behar politikan».
Bestalde, diotenez, askotan fokua Madrilen jartzen da, baina ez dago zertan haraino begiratu: «Ajuriaenea gertuago dago, eta nahikoa da hara jotzea. Haiei esango genieke Madrilekoak adinako errudunak direla. Oso erraza da errua Mariano Rajoyri botatzea, baina zerbait egiten al dute beraiek pentsionisten alde? Ezer ez, baina kobratu bai, eta Azkoitiko Udaleko agintariek ere berdin-berdin. Ez dago eskubiderik. Politikariek, militarrek eta Elizak ez dute merezi kobratzerik, ez dutelako inoiz kotizatu. Zertarako eduki behar dituzte bizi guztirako pentsioak politikariek, lau urte agintaldian egin ondoren? Guk 45 urte inguru lan egin dugu pentsioa kobratzeko, eta orain esaten digute agian ez dugula izango. Adarra jotzen ari zaizkigu politikariak».
Gizartea mobilizatzeak egoera hobetzeko balioko ote duen galdetuta, baikor erantzun dute: «Politikariak pixka bat larritzeko behintzat balioko du, eta hori ikusi zen mobilizazioen ondoren Rajoyk egindako prentsaurrekoetan; bestela, ez zuen agerraldi publikorik egingo».
Halaber, adierazi dute belaunaldi guztientzako ari direla pentsio hobeak eskatzen. «Oso aurreikuspen txarrak daude, orain 40 urte inguru dituztenentzat batez ere. Auskalo noiz arte lan egin beharko duten; 70 urtera arte agian».
Astelehenetako elkarretaratzean «jende asko» biltzen dela uste dute, «geroz eta gehiago». «Pozgarria da, gainera, alderdi guztietako jendea egotea elkarretaratzean, sakelan guztioi eragiten baitigu. Egia da gazteak gutxi joaten direla, asko lanean edo ikasten ari direlako. Ahal dugunok behintzat protestatu beharra daukagu. Estatu osoan protestak izanda, presionatuta sentituko dira agintariak, eta horrela jarraitzen badugu guztiok, neurriren bat hartu beharra izango dute. Agian, ordea, huskeria bat igoko dute. Erakutsi dute pentsionistak ez zaizkiela batere axola; ordea, boto gehienak haienak izango dituzte ziurrenik». Sinetsita daude horrek guztiak eragina izango duela datozen hauteskundeetan, eta langileen lan baldintza kaxkarrak direla pentsio baxuak izatearen eragile zuzenak. «Gu duela hamar bat urte erretiratu ginen, eta orduan kobratzen genuena baino gutxiago kobratzen dute gaur egungo gazteek, ikasketa gehiago eduki arren. Gainera, enpresariek obreroek baino zerga baxuagoak dituzte; hori ez dago ulertzerik», gaineratu dute.
Gaur egungo sistemarekin pentsiodunen pobrezia betikotu daitekeela azaldu dute. Izan ere, uste dute lanpostuak ez direla ondo kudeatzen. «Eusko Jaurlaritzak orain ertzainen beste promozio bat egiteko asmoa du, eta, bien bitartean, hezkuntzarako eta Osakidetzarako, adibidez, dirurik ez dagoela esaten digute; murrizketak egiten ari dira. Zertarako behar ditugu hainbeste ertzain? Euskadin zertarako behar ditugu hiru aldundi? Hiru aireportu? Katalunian, adibidez, aldundi bakarra dago, eta gu baino gehiago dira. Lanpostu publiko asko alferrik sortzen dira, eta horrek sekulako gastua sortzen du. Krisi historikoan gaude: hain gaizki ez gara inoiz egon».
Gizarteko arazo bat dela diote, berdin duela zein alderdi dagoen agintean. Ez daude alderdi baten aurka, sistemaren aurka baizik. Joan den martxoaren 27an, pentsioak %3 areagotzea aurreikusi zen, baina, Alderdi Popularrak ez duenez aurrekontuak onartzeko gehiengorik, ikusteko dago zer zenbateko ezarriko den.