«%0,25eko igoera oso eskasa da; burla ematen du». Gutxieneko batzuk errespeta daitezela eskatzen du Elorzak, jendea pobrezian behintzat ez dadin gelditu. Hartzen ari diren neurriekin ez nago batere ados, eta egoera hau aldatu beharra dagoela uste du. «Aurrera begira beste modu batera jokatu beharko lukete, pertsonei gehiago begiratuz. Lehendabizi pertsonetan gehiago gasta dezatela, eta ez bestelako gauzetan».
Elorzak garbi du pentsio duin bat ez dela orain ematen dena; egindako kalkuluen arabera, 1.400 euro ingurukoa izango litzateke.
Azkoitiko elkarretaratzeen erantzuna «nahiko ona» delakoan dago, herritar asko astero-astero bertaratzen direlako. Hala ere, zenbat eta jende gehiago bildu hobeto dela azpimarratu du: «Egoera hobetu bitartean, biltzen jarraitu beharko dugu ziurrenik, ez daukat-eta zerbait lortuko dugun esperantzarik. Baina ez bagara mobilizatzen, gero eta gutxiago lortuko dugu».
Elkarretaratzetara guztiengatik joaten dira, bai erretirodunengatik bai erretiroa hartu gabekoengatik. «Nik neuk ez daukat arazo handirik, baina ikusten dut batzuek arazo handiak dituztela, eta ikusten dut ez direla ari gerorako beharrezko neurririk hartzen, eta zerbait egin beharra dago; bestela, gaur egungo gazteek gaizki pasatuko dute».
Pentsioetarako diru poltsa gutxitzen ari da, 66.000 milioi ingurutik 8.000 milioira. «Guk gure lanaren bitartez sortutako poltsa hori erabiltzen ari dira, eta hori beste gauza batzuetarako erabiltzea ez zaigu ondo iruditzen. Hori, gainera, aspalditik dator; aspalditik konturatu behar zuten, eta beste neurri batzuk hartu. Gaizki kudeatzen ari dira poltsa hori».
Elorzak uste du gazteen lan merkaturatzearekin zerikusi zuzena duela pentsioen zenbatekoak. «Gaur egun zenbat eta gutxiago kotizatu, orduan eta poltsa txikiagoa egongo da gerora pentsioa kobratzeko. Gero eta langile gutxiago dira, eta gutxi kobratzen dute; beraz, kotizazioa txikiagoa bada, fondo hori ez da osatuko edo berreskuratuko».