Gatibu eta Silence musika taldeen kontzertuak izango dira uztailean, herriko plazan

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 25a, 09:25

Argazkia: Gatibu

Um Blem Ble tabernarien elkarteak eta udalak elkarlanean antolatuta, Gatibu Bizkaiko talde ezagunak joko du uztailaren 21ean, herriko plazan. Haren aurretik, 22:00etan, Azkoitiko Silence gazte taldea entzuteko aukera izango da. Bi kontzertuak doan izango dira. 

 

Gatibu Bizkaiko Gernika-Lumo herrian 2002an sortutako euskal rock taldea da eta laukote bezala egin du gaur arte argitaratutako sei disko eta zuzeneko bat. Bere lehendabiziko abestietatik argi eta garbi antzeman daiteke taldea euskal kulturako lerro musikal hedatuenetarikoa izateko jaioa izan dela. Hamarkada pasatxo bateko bizitzan bere lanen joera soinu naturalago, gozoago eta irekiago baten bilaketan bideratu duela azpimarra daiteke.

Bere musika-estiloa bizkaitar euskalkian abesturiko rock koloretsua da oinarrian, melodiaz betea eta bizia.

Hamalau urte hauetan ehundaka kontzertu eman izan ditu taldeak Euskal Herriko zazpi kantoietan zehar, aretoak eta plazak leporaino beteaz.

 

Silence herriko gazte taldeak, berriz, 27. Gaztea Maketa Lehiaketan parte hartu zuen, eta entzuleen botoei esker 2.500 euroko GazteBizHitza saria jaso zuen, joan den apirilean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide