Etorkizuna Eraikiz aurkeztu diote Ekonomiako Nobel sariaren irabazleari

Babestutako albistea 2018ko mai. 22a, 11:20

Ekonomiako Nobel sariaren irabazlea, Joseph Stiglitz, Donostian da egunotan, Gipuzkoa Talk (G-Talk) konferentzia zikloan pate hartzeko. Topaketa sorta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ekonomisten Euskal Elkargoak antolatu dute, elkarlanean.

 

Marko horretan, eta Garapena, desberdintasuna eta demagogia XXI. mendean izenpean, hitzaldia eskainiko du gaur 19:00etan Stiglitzek Kursaalean, 700 lagunen aurrean. G-Talk hitzaldi zikloaren parte izateaz gain, ekitaldia Ekonomisten Euskal Elkargoak urtero antolatzen duen Ekonomisten Foroaren parte ere bada.

Joseph Stiglitzi harrera ofiziala egin diote gaur goizean foru Jauregian Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok eta Ekonomisten Euskal Elkargoko presidente den Iñaki Ruizek. Ondoren lan bilera egin dute eta, bertan, foru arduradunak Etorkizuna Eraikiz foru programa aurkeztu dio. Stiglitzek interes handiz jaso du ekimenaren berri, eta etorkizuneko erronka eta desafioei aurre egiteko egin dezaken ekarpena nabarmendu du.

“Gipuzkoa gauzak ondo egiten ari den munduko horietako bat” dela uste du Ekonomiako Nobel sariaren irabazle den Joseph Stiglitzek, gaur adierazi duenez. “Gizarte ezberdintasuna maila baxuetan mantentzea lortzen ari zarete, eta lurraldeko ehun ekonomikoaren transformazioan asmatzen jakin duzue”, esan du.

Gaur goizeko bileran, Olano eta Ruizez gain, parte hartu dute Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekako foru diputatu den Ainhoa Aizpuru; Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañaga; eta Gipuzkoako Ekonomisten Euskal Elkargoko arduradun den Maite Villafruelak. Gipuzkoako ehun ekonomikoaren eta enpresa ereduaren ezaugarriak aurkeztu dizkiete foru arduradunek Stiglitzi: industriaren pisua, ETE kopuru altua, berrikuntzaren aldeko apustua, ekonomia soziala… Gainera, Gipuzkoak eta euskal lurraldeek duten zerga eta finantza sistema berezia aurkeztu diete eta, hemen, autogobernua ahalbidetzen duen eta arrakastako gakoetako bat den Kontzertu Ekonomikoari buruzko xehetasunak azaldu dizkiete. Diputatu nagusiak esan dudenez, susperraldi eta krisialdia gainditzeko puntuan dago Gipuzkoa, baina “triunfalismoetatik urrun mantendu behar dugu”. “Epe motzetik begirada altxatu eta epe ertain eta luzean izango ditugun erronkei aurre egiteko prestatzeko garaia da”, gehitu du.

Horretarako martxan jarri den Etorkizuna Eraikiz programa aurkeztu dio ondoren Olanok Stiglitzi. Aldundiak bultzatzen duen proiektu honen bitartez, eta esperimentazio aktiboa erabiliz, gaurtik biharko Gipuzkoa eraiki nahi da. “Zer egiten dugun bezain garrantzitsua da egiten duguna nola egiten dugun eta, horregatik, Etorkizuna Eraikizek irekia eta elkarlanekoa den gobernantza eredua darabil, guztioi eragiten digun erronka honi erantzuteko ahaleginean herritarrak eta gizarte antolatua ere inplikatuz”, esan du.

Honela, zibersegurtasuna, zahartze osasuntsua edota elektromugikortasuna bezalako alorretan Aldundia bultzatzen ari den lana ezagutu du Stiglitzek. Oso interesgarriak direla iritzi dio, lurraldearen transformazioan lagundu eta etorkizunean ere lehiakorrak izaten jarraitzeko erreminta baliagarriak direlakoan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide