Kaleko Urdangak taldeak bideoklipa grabatu du Fermin Muguruzarekin

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 19a, 09:30

Kaleko Urdangak taldeak "Biolentzia 1984" abestia bideoan kaleratu du, Fermin Muguruzaren parte hartze bereziarekin. Taldeko bateria jotzailea da Ekaitz Etxezarreta azkoitiarra, eta «oso esperientzia ederra» izan dela azaldu du. 

Izen bereko zazpi hatz beteko EPtik hartua da "Biolentzia 1984" abestia, irailean aterako den "Nortasuna" LParen single aurrerapenetik, hain zuzen ere. Bestalde, lau kanta zahar berriz grabatu dituzte, Kaleko Urdangak izen bereko EPan.

 
Etxezarretak bi musika taldetan jotzen du, eta bi taldeak aktibo daude. Kaleko Urdangak eta Vietcong 68 dira bi taldeak, eta Azkoitian entsaiatzen dute. Bi taldeak disko luzea, hots, LPa kaleratzear dira, gainera: Kaleko Urdangak irailean eta Vietcong68k maiatzean.

Fermin Muguruzarekin hasieratik «oso ondo» moldatu direla esan du Etxezarretak. «Bere heldibide elektronikoa lortu genuen ezagun baten bitartez, eta idatzi egin genion gure proposamena azalduz. Hasieratik asko gustatu zitzaion proposatzen genion kantuaren nondik norakoa, eta ezeren truke kolaboratzeko prest agertu zen. Oso gustura aritu gara berarekin. Bideo horretan ikusten da Bilboko gure kontzertu baten zuzeneko bat, Gernikako bazkaria, manifestazio nazionala... Bestalde, Muguruzak Irungo Moskuko plazan dagoen estudio txiki batean grabatu zuen bere kolaborazioa, eta hango irudiak ere agertzen dira bideoklipean».

Kaleko Urdangak 2011n sortutako taldea da. Bergarako bi mutilek eta Etxezarretak osatzen dute taldea. Bergarako Txapa irratian Info7 irratiarentzat hiru musikariek egiten zuten "Kaleko Mobida" musika saioaren ondorioz sortu zen taldea. Hiruen artean gitarra, baxua eta bateria jotzen zuten, eta entseguak egiteko batzen hasi ziren Bergarako goiko estazioko lokaletan. 2011 bukaeran Eman bai diskoa grabatu zuten, eta ondorengo urteetan asko jo zuten Euskal Herrian, estatu mailan eta Europan. <<Oso esperientzia polita izan zen>>dio Etxezarretak. 2014-2015ean, geldialdi bat eduki zuten, eta bigarren fase bati heldu zioten 2017an, formazio berriarekin. Hainbat lan kaleratu ostean, eta hainbat kontzertu eman eta gero, Ekainaren 2an joko dute kontzertua Iruñako Arrosadiako auzoko festetan. Udan, ordea, geldialditxo bat egingo dute. Irailaren 1ean diskoa kaleratuko da, eta ondoren bira txiki bat egitea da euren asmoa, kontzertuak emateko lekuak hitzartuta dituztelako dagoeneko.

 

Biolentzia 1984

Francoren heriotza, trantsizioko gezurra

Gernikako estatutua, konstituzio espainola

Euskaldunako borroka erabateko gatazkak kaleetan!

Biolentzia,biolentzia,biolentzia,1984!

GALaren lehenengo hilketa, Katturena da gorpua

Kortaturen lehen pausoak, kaskamotz mugimendua

Ezpata zarata estatu terrorismoa

borrokaren sendotasuna, gerra su ta gar

Heroinaren ziztada belaunaldi oso baten suntsipena! Biolentzia…

Pasaiako segada, Santiren erailketa

Atletik ta erreala euskaldunon garaipena

Betiko historia berdina langabezia ta ustelkeria!!

Biolentzia..eta oraindik, gaurdaino dirau!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide