Francesca Romana di Nicola harpistak eta Itziar Lujanbio oboejoleak osatuko dute biharko kontzertuko bikotea. Musikeneko Goi Mailako ikasketak egiten ari zirela topo egin zuten, Donostian, baina bakoitzak bere bidea jarraitu zuen etapa horren ondoren. Itziar Koloniara abiatu zen bere formakuntzarekin jarraitzeko, eta Francesca maila nazional eta internazionalean kontzertuak ematen aritu da.
Hiru urteren ondoren, berriro elkartu dira ikasi duten guztia partekatu eta elkarrekin errepertorio zabal bat lantzeko. Euskal Herrian eta Frantzian aritu dira orain arte, besteak beste, Donostiako Musika Sakratuaren Zikloan parte hartu dute, Toulouseko Passe ton bach d’abord festibalean, Ordiziako Barroko Aire zikloan edo Donostiako Zinemaldian. Aipatzekoa da baita ere Iparraldeko Kalakan hirukotearekin elkarlanean osatu duten proiektua, Lamin. Mundu klasikoa —zehazki barrokoa— eta euskal doinuak batzen dituzte bertan eta elkarrekin diskoa grabatu berri dute.