Goierri Valley egitasmoa ezagutu du gertutik Markel Olanok

Babestutako albistea 2018ko mai. 18a, 09:30

Gipuzkoako diputatu nagusia Markel Olano eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatua, Lazkaon izan dira gaur. Felix Urkola alkatearen eskutik udalerrian dituzten proiektuak, egitasmoak eta erronkak bertatik bertara ezagutzen eta etorkizuneko ekonomiari bultzada emateko irizpideak finkatzen aritu dira.

 

Diputatu nagusiak iragarri du ezinbestekoa dela herrietara bertaratzea, «udal ordezkariekin eta agente ekonomiko eta sozialekin batera bertako beharrak, proiektuak, ideiak eta estrategiak ezagutzeko».

Goizean zehar udal ordezkariekin bildu dira Markel Olano eta Ainhoa Aizpuru, eta bertan, bi erakundeen arteko lankidetza uztartzeko asmoarekin, ideia, proiektu eta etorkizuneko estrategiak partekatu dituzte: «Gipuzkoa lurralde industriala da, eta Goierrin eta Lazkaon nabarmena da sektore horren eragina eta pisua, bai jardun-ekonomikoan, familien egunerokoan eta baita herriaren martxa orokorrean ere», azpimarratu du Markel Olanok.

Jarraian, Goierri Valley erakundeko kideek proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkie foru ordezkariei, zuzendaritza batzordearen bileraren ondoren. Proeiktuaren sorreratik Foru Aldundiaren babesa jaso du erakundeak. «Goierri Valley bezalako egitasmo bat lurraldean izatea benetan baliotsua da bertako enpresentzat, baita gipuzkoar guztiontzat ere. Industria produktiboa Gipuzkoako lehiakortasunaren ardatza da eta Goierriko eskualdean eraldaketa industriala aurrera eramatea du helburu proiektu honek», adierazi du Gipuzkoako ahaldun nagusiak.

Laguntza eta babesa eskaintzen dizkie Goierriko 50 enpresa baino gehiagorentzat industria-bazkide den egitasmoak. Berrikuntzan, lehiakortasunean, kooperazioan eta nazioarteko lankidetzan oinarritzen da bereziki bere zeregina. «Gure helburua da ezagutza partekatuan oinarritutako lehiakortasunean aurrera egiten jarraitzea, eta xede hori partekatzen dugu Goierri Valleyrekin eta eskualdeko enpresekin», gehitu du diputatu nagusiak.

Leberri enpresa bisitatu dute Goierri Valleyko ordezkariekin batera Markel Olanok eta Ainhoa Aizpuruk, ekimenaren parte dena eta makina elektrikoen kalkuluan, diseinuan eta fabrikazioan diharduena. «Leberri enpresa jarraibide ona da berrikuntzan oinarritutako enpresa eredua daramatelako aurrera, puntako teknologia erabiliz eta etorkizuneko tendentziak aurreikusiz», adierazi du ahaldun nagusiak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide