Eskuzko Herriarteko txapelketa zapatu honetan hasiko du Azkoitiak

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 18a, 08:41

Azkoitiak bihar hasiko du aurtengo eskuzko Gipuzkoako Herriarteko txapelketa. Zapatuan, 17:00etan, Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatuko dute azkoitiarrek Donostiaren aurka.

 

Herriko pilotariek final zortzirenetan hasiko dute txapelketa. Donostiak Zumaia kaleartu berri du. Zumaiako Aitzuri pilotalekuan bat eta bi nagusitu ziren donostiarrak, baina Donostiako Atanon Zumaiak bat eta bi irabazi zuen. Donostiak aldeko hamar tanto gehiago zituenez, Azkoitiak Donostiarekin neurtu beharko ditu indarrak.

Kadete mailan Mikel Aranbarrik eta Joritz Astigarragak jokatuko dute. Gazteen mailan Jon Oteizak eta Jagoba Urangak ordezkatuko dute Azkoitia eta senior mailan, Julen Oñederra eta Jon Juaristi arituko dira. Etxetik kanpo hasiko du beraz Azkoitiak aurtengo ibilbidea. Datorren astean Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte itzulerako partidak. Ostiralean 22:00etan hasiko dira partidak.

Gomazko paletako partidak, bihar

Joan den zapatuan jokatu zituen Azkoitiak lehen aldiz gomazko paletako Herriarteko Txapelketako partidak. Hiru eta huts irabazi zuten herritarrek Amasa-Billabonaren aurka, Gurea pilotalekuan. Bihar, ostirala, itzulerako partidak jokatuko dituzte azkoitiarrek Billabonan, 19:30ean hasita.

Joanekoan, buruz-buruko partidan, Iker Epeldek 20 eta 8 irabazi zuen. Bigarren partidan, Igor Larrañagak eta Igor Juaristik 20 eta 9 irabazi zuten, eta azken partidan, Jokin Aizpuruk 20 eta 13 menderatu zuen aurkaria zazpi koadroan.

Final laurdenetara sailkatzeko urrats handia eman zuten herritarrek joan den asteburuan, eta bihar Billabonan partida bat irabaztea nahikoa izango dute. Sailkatuz gero, Hernani-Deba partidako irabazlea izango dute aurrean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide