Asteburu musikala izango da asteburu honetan herrian

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 15a, 14:09

Asteburu musikala izango da datorrena. Guztira lau kontzertu eskainiko dira ostiralean eta larunbatean.

 

Hirukote bat izango da eszenatokira igotzen lehena. Ignacio Arakistain eta Itziar Beitia pianistak eta Claudia Alduncin klarinetistak kontzertua eskainiko dute maiatzak 18an, ostirala, Elkargunean, 19:30ean. Hirurak ibilbide polita ari dira egiten musika munduan.

Ignacio Arakistain, esaterako, Azpeitian jaio zen, 1998an. Musika munduan bere lehen pausuak bere herriko Juan de Antxieta musika eskolan eman zituen. Ondoren, bere ibilbidea, Donostiako Francisco Escudero erdi mailako kontserbatorioan jarraitu zuen, Junkal Guerrero irakaslearekin piano ikasketak eginez. Bere herrian hasi zituen, baita ere, organo ikasketak, Jose Luis Frantzesena irakaslearekin. Beste hainbat maisurengandik aholkuak jasotzeko aukera ere izan du, hala nola, Marta Zabaleta edo Miguel Borgesenak, piano arloan eta Michael Bouvard edota Joris Verdinenak, organoan. Duela urte bete, saritua izan zen Euskal Herriko Musikari Gazteen lehiaketan, tekla kategorian eta Donostia Hiria sariketan, berriz, Enrique Lartundo fundazioren aipamen berezia jaso zuen. Gaur egun, Musikenen, Esteban Landart, Loreto Fdz. Imaz edo Loïc Mallié maisuekin organoko goi mailako ikasketak egiten dihardu, pianoko erdi maila bukatzen ibiltzeaz gain.

Claudia Alduncin, berriz, Andoaingo Udal Musika Eskolan hasi zituen bere musika ikasketak eta 2014an Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan sartu zen. Aurten, klarineteko 6. maila bukatu du bertan. Zumaian urtero ospatzen den Klarinete Maratoian parte hartu izan du eta maratoiko laukote batekin jo du bi urtetan Zumaiako Musika Jaialdiko irekiera kontzertuan. 2017an Euskadiko Musikari Gazteen Lehiaketan lehenengo saria eskuratu zuen haize egurrezko kategorian. Aurten, lehiaketa berdinean bigarren saria lortu du talde instrumentalen kategorian. 2018ko apirilean Euskadiko Ikasleen Orkestrarekin bi kontzertu egin zituen.

Bigarren hitzoruda Passepartout musika taldearen eskutik izango da egun berean, alegia, maiatzaren 18an. Taldeak bere bigarren lana, Sinergia disko berria aurkeztuko du Baztartxo antzokian, 22:30ean. Itzi Beitiak, Jontxu Apek, Ruben Lizarraldek, Tomas Lizarazuk eta Xabi Arrietak osatzen dute taldea eta 12 abestiko diskoa atera berri dute labetik.

Musika maitaleentzat beste bi hitzordu izango dira larunbatean, maiatzaren 19an. 12:30ean, Kontzejupean, Getariko eta Azkoitiko Musika Bandak elkarrekin kontzertua emango dute. Eta arratsaldean, Santa Kutz komentuan Udaberriko Musikaldiaren baitan, Duo L’Incontro arituko da 18:30etik aurrera, Itziar Lujanbio oboearekin eta Francesca Romana arparekin, hain zuzen.

 

 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide