Azkoitia Lagunkoiak, Udalarekin elkarlanean, inkesta bat burutu zuen iaz eta ia 600 lagunek parte hartu zuten galderei erantzunez. Orain, emaitzak partekatu eta beste urrats bat eman nahi du talde eragileak aurrera egiteko. Inkesta bidez, gainera, 60 lagun inguruk parte hartzen jarraitzeko prestutasuna agertu zuen eta guzti haiei ere gonbidapena luzatu nahi zaie.
Azkoitia Lagunkoiak aztertzen dituen arloak dira etxebizitza, garraioa, aire libreko espazioak, parte-hartzea, inklusioa, komunikazioa edota osasun eta gizarte zerbitzuak.
«Ekimenarekin herritarren ongizatea orokorrean, eta bereziki zahartzen doazen pertsonen ongizatea hobetzeko adin guztientzako herri lagunkoi bat eraikitzea dugu helburu».
Merkatarientzako saioa
Asteazkeneko bilera irekia da eta edonork har dezake parte. Baina bigarren saio bat ere antolatu du Azkoitia Lagunkoiak egun berean. Goizean herritarrei zuzenduriko topaketa egingo du eta arratsaldez merkatariekin bilduko da. Bigarren saio honen helburua da merkatariei orientabideak ematea euren establezimenduak lagunkoiagoak izateko. «Establezimendu Lagunkoia» ekimenari esker, dendariei doan laguntza emango zaie negozioa lagunkoiago egiteko. Merkatariekin saioa asteazkenean 15:00etatik 16:00etara izango da Elkargunean.