Ihintza Arrieta: «Nire aurretik lanean aritu diren emakumeei esker, egoera lehen baino hobea da gaur»

Maxixatzen.eus 2018ko mai. 13a, 10:55

Ihintza Arrieta Garmendia, Alberdi enpresako langilea.

Gizonen munduko ofiziotzat jotzen diren lanpostuetan lan egindako emakume azkoitiarrak elkarrizketatu ditu Maxixatzenek bere aldizkarirako, ogibidea nola eraman duten jakiteko. Horietako bat da Ihintza Arrieta Garmendia (Azkoitia, 1987), Alberdi enpresako langilea.

 

Antolakuntza Industrialeko Ingeniaritza ikasketak egin zituen Ihintza Arrietak, «aukerarik egokiena» iruditu zitzaiolako aukeratzeko ordua iritsi zenean. «Ez nuen arazo edo trabarik izan aukeraketan, baina harridurazko iruzkin batzuk entzun behar izan nituen», gaineratu du. Gelan neskak «dezente» zirela dio, nahiz eta erdira ez iritsi. Hala ere, neska gehienak antolakuntzako taldean zeudela azaldu du: «Beste taldeetan askoz ere neska gutxiago zeuden».

Alberdi enpresan lan kontratu batekin hasi baino lehen bekadun bezala aritu zen Arrieta. «Ikasten ari nintzen bitartean, 23 urte nituela, produkzio sailean bekadun moduan hasi nintzen. Ikasketak amaitzean, ordea, lana ere amaitu egin zitzaion, eta gero, lana aurkitu ezinda, beste beka batekin kanpora joan behar izan zuen lanera hango unibertsitate batera, sei hilabetez. Itzuli zenean, lan bila hasi zen herrian, baina ez zuen zorterik izan ingeniari gisa: «Krisi garaian amaitu nituen ikasketak eta zaila egin zitzaidan lana aurkitzea. Azkenean, nik ikasitakoarekin zerikusia zuen lanik ezin aurkituta, Askarri kafetegian hasi nintzen zerbitzari lanean; eta nola diren kontuak, berehala, Alberdin lanean hasteko aukera izan nuen. Ordutik, han jarraitzen dut.

Mekanizazioan egiten du lan Alberdi enpresak, eta Arrietak produkzioan egiten du lan. Zehazki, Cad-Cam programazioa eta produkzio teknikoa dira bere eginkizunak. Bi urte daramatza postu horretan, eta lana asko gustatzen zaiola dio: «Oso gustura nago egiten dudan lanarekin, eta horrela jarraitzea gustatuko litzaidake. Gertukoek beti esan izan didate lana egin beharra dagoela, eta, beraz, hobe nire gustuko zerbaitetan bada; berdin da zertan.

Gaur egun sei emakume eta 23 gizon daude lanean Alberdin. Arrietak ez du inoiz lanpostua aldatzean pentsatu emakumea izateagatik, baina oraindik batzuei arraroa egiten zaiela dio emakumeak ikustea mekanizazio munduan. Hala ere, egoerak hobera egin duela uste du: «Nire aurretik lanean aritu diren emakumeei esker, egoera lehen baino hobea da gaur egun. Lanean inoiz ez dut lekuz kanpoko iruzkinik entzun emakumea naizelako. Gainera, gizonezkoa da nire nagusia, baina emakumea izateagatik ez dit inoiz ezberdin agindu».

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide