Azkoitiko Sare herritarra: 'Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude'

Maxixatzen.eus 2018ko api. 27a, 10:01

2017ko abenduaren 31n egindako Giza Sarea.

Joan den otsailean Maxixatzenen idatzitako artikulua da hau: 'Elkarrekin aurrera egiteko prest gaude'. Jarraian irakurgai:

 

"Esopo (K. a. VII.a - K.a. VI.a)greziar alegialariari egozten zaio elkar hartzeak sortzen du indarra esaeraren jatorria. Zehazki, Zaharra eta bere semeak alegorian jorratzen du ideia hori. Alegoria horretan, elkarrekin gaizki konpontzen diren hiru mutiko gazteri beren aita zaharrak ematen dien irakasgaia lantzen du: «semeak, elkar batuta bazaudete, inork ezingo dizue minik egin; aldiz, orain arte gisara, zatituta bazabiltzate, edonork egin ahalko dizue kalte».

Harrezkero, esaera hori mendez mende erabilia izan da, hainbat jatorri eta garaitan.

Egia esan, elkar bat hartuta, indarrak batuz, lortu izan dira komunitatearen onurarako lorpenik esanguratsuenak zibilizazioaren historian. Kasu gehienetan, hasieran bakar batzuk elkartuta abiaturiko sentsibilizazio lanak izan dira ondoren kontzientzia kolektiboan eragin eta gauzak aldaraztea bultzatu dutenak.

Sare herritarrak, bere sorreratik, argi izan du zeregin hori. Estatuen borondatea mugiarazteko, sentsibilitate ezberdinekoak garenok, ideologiaz gaindi, elkar baturik lan egin beharra dugu, zalantzarik gabe. Besteak beste, indartsuago garelako elkarrekin.

Horixe bera izan da Azkoitiko Sarek jorratutako ibilbidearen ezaugarri nagusia ere.

Gogora ekarri nahi dugu 2014ko abenduaren 20an Elkargunean eginiko aurkezpen ekitaldian bildu ginen pentsaera askotariko herritarrak zerk bultzatu gintuen urrats hori egitera. Urte luzeen ondoren, gurean izan den auzi korapilatsuenari konponbidea emateko aukera erreala genuen aurrez aurre.

Gainera, ordurako, askok uste genuen aukerak ez badira hauspotzen bidean galdu ahal direla. Beraz, hausnarketa tartekatu, elkarrengandik ezberdintzen gintuena albo batera utzi eta batzen gintuenean ados jartzeko, esker oneko hautua egin genuen.

Abiapuntu hori garrantzitsua izan da elkarbizitzan ere, bestelako aro bat irekitzeko. Eta gaur da eguna horrelakoxe jarraipen oparoa izan duela esan dezakegula.

Alde horretatik, denbora honetan guztian lekukoa eskuz esku ibili izanari balioa eman nahi diogu. Hainbat eta hainbat norbanako eta eragile, ezezagunak eta esanguratsuak, pentsaera eta adin ezberdinetakoak, guzti-guztiok izan zarete Sare herritarra gorpuzten lagundu duzuenak, euskal presoen eskubideen aldeko egitasmoak arrakastatsuak izan daitezen lagundu duzuenak.

Sentimendu hori dugu Azkoitiko eta Bilboko azken manifestazioen ondoren. Borondateak gehitzen jarraitzen dugun sentsazioa, eta horrek indarberritu egiten gaitu.

Azken asteetan Frantziatik datozen albisteek indarberritzen gaituzten modu bertsuan. Antza, Frantziako gobernuak espetxe politika aldarazteko erabakia hartua du. Eta uste dugu Ipar Euskal Herriko eragile askotarikoek egin duten elkarlanari esker datorrela jarrera aldaketa hori.

Beraz, lanean jarraitu beharra dugu, besteak beste elkarren indarrak batuz, estatuen borondateak mugiaraztea lortu ahal dugun erronka delako.

Horregatik guztiagatik, ozen diogu: elkarrekin aurrera egiteko prest gaude".

Azkoitiko Sare herritarra

Erlazionatuak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide