Silencerekin batera, Pho-Bo, bigarren sailkatua, eta epaimahaikideek aukeratutako Hakima Fissi, Nerabe eta Aizkorak Zorroztu musika taldeak lehiatuko dira finalean. 22:00etan hasiko dira bost taldeak euren doinuak taularatzen. Finalera joateko autobusa ere antolatu du taldeak. Azkoititik 18:00etan irtengo da Bilborako autobusa, eta itzulera goizaldeko 02:00etan izango da. Interesatuek Silence musika taldearen sare sozialetan mezu pribatu bat idatzi beharko dute, edota Dean eta Latz tabernetan izena eman.
Ohi bezala, sari potoloena Epaimahaiaren Saria izango da. Sari hori jasotzen duen talde edo bakarlariak 5.000 euro eskuratuko ditu, eta Bilbao BBK Live jaialdian aritzeko aukera izango du. Entzuleen babesik handiena jaso zuen Silence taldeak 2.500 euroko GazteBizHitza saria lortu zuen. Horiez gain, beste sari bat egongo da: Kafe Antzokiaren sari berezia. Irabazleak 300 euro jasoko ditu.