Errezilgo Mendiola etxeko idi pareak 30 kiloko gainkargarekin egin zuen proba, eta 46 plaza, metro bat eta 71 zentimetro egin zituen. Ondoren etorri zen atzo nagusitu zen idi parea; Elorrieta 55,5 kilo gehiagorekin aritu zen eta guztira 53 plaza egin zituen. Azkenik Urretxuko Ipiñarrieta etxeko idi parea irten zen Gureako plazara. 135 kiloko gainkarekin egin zuten lana urretxuarrek, eta guztira 49 plaza egin zituzten. Laukizko Elorrieta nagusitu zen, beraz, atzo jokatu zen lehen proban.
Ostiral gaueko demarekin ez da amaituko, ordea, Udaberri Saria ;gaur gauean, lau etxetako idiak lehiatuko dira: I. Lopategi (Birle), Zubi-Berri (Bolibar), I. Aurrekoetxea (Loiu) eta Azkoitiko Isidro Erretegiko idi parea. Horrez gain, astelehenean —Bixkiak, Bikandi eta Oliden etxeko idiak— eta asteartean —Kamiñoko, Txauson eta T. Goieta— ere izango dira Udaberri Idi Dema Sariari dagozkion probak. Dema guztiak 22:00etan izango dira Gurea pilotalekuan.