EH Bilduk 'erabat bidegabetzat ditu' zigor eskaera horiek: 'Soilik politika egiteagatik, proiektu politiko batekiko eta ideia batzuekiko konpromisoari eusteagatik, beren etorkizun pertsonala jokoan dute Intxaurrandietak eta Errazkinek. Etekin pertsonalik ez zuten atera, gardenak eta zintzoak izan ziren erabakiak hartzerako orduan, eta orain bidegabekeria latza pairatu dezakete', salatu dute.
EH Bildutik 'babes osoa' agertu nahi izan diete Ainhoa Intxaurrandietari eta Iñaki Errazkini. 'Ondo baino hobeto dakigu hartu zituzten erabaki politikoak hartuta gipuzkoarren interes orokorra lehenetsi zutela, haien ongizate ekonomikoa eta osasuna. Konpromiso politikoarekin eta zintzotasunez jokatu zuten beti, eta jakitun ziren horrelako erabakiak hartuta elite ekonomiko boteretsuen aurkako jokatzen zutela eta horrek ondorioak ekarri zitzakeela, ikusten ari garen bezala', gaineratu dute.
Hori horrela, azkoitiar guztiei dei egin die igandean, apirilak 15, Azpeitiko plazan 12:30ean egingo den ekitaldi nazionalean parte hartzera.