Hogei urte baino gehiagoko ibilbidearen ondoren, kalitate maila zainduz eta hitzei garrantzia eta musikari nortasuna emanez disko sorta polita atera ondoren, Anarik jasoko du aurtengo Adarra saria. Euskal Musikari egin dion ekarpenaren garrantzia begi-bistakoa egin zaie haren izena proposatu zuen Batzordeko hiru kideei: Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendaria; Amaia Ispizua, musika-sustatzailea eta Esther Fernandino, Donostia Kulturako Musika Ataleko teknikaria.
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Lehen edizioan, Mikel Laboak (Donostia, 1934 - 2008) jaso zuen Adarra saria. Haren atzetik etorri ziren Ruper Ordorika (Oñati, Gipuzkoa, 1956), Benito Lertxundi (Orio, Gipuzkoa, 1942) eta Fermin Muguruza (Irun, Gipuzkoa, 1963), hurrenez hurren. Aurten, Anariri egokituko zaio sari hori jasotzea.
Musikariaren ibilbideari ematen zaio Adarra saria, eta 21 urte badira Anari (Esan Ozenki, 1997) diskoa kaleratu zela. Huraxe izan zuen bakarkako lehen lana artista azkoitiarrak. Hiru urte geroago ikusi zuen argia Habiak (Esan Ozenki) diskoak. Zebra (2005, Metak) etorri zen gero. Irla Izan (2009, Bidehuts), Zure aurrekari penalak (2015, Bidehuts) eta Epilogo bat (2016, Bidehuts) izan ziren bere hurrengo diskoak.
Hogei urteko ibilbidean musikari anitzekin kolaboratu badu ere, ondoan izan ditu hasieratik, besteak beste, Mikel Txopeitia, Xabier Olazabal eta Karlos Osinaga. Estudioko lanez gain, zuzeneko bi disko grabatu zituen Anarik. Bata 2007an Bilboko Kafe Antzokian (2008, Bidehuts) eta bestea Bidea eta denbora (2013, Bidehuts) izan zen. Eta Bidehuts zigiluaren sortzaileetako bat ere izan zen 2007an.
Ekainaren 21ean, Musikaren Nazioarteko Egunean, jasoko du Anarik Adarra Saria, Viktoria Eugenia Antzokian 20:00etan eskainiko duen kontzertuaren atarian. Sarrerak 14 euroan erosi ahal izango dira apirilaren 12tik aurrera, Donostia Kultura Sarrerak atarian eta Viktoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.