09:00etatik 10:30etara bitartean, ibilgailuak herrira iristen hasiko dira, eta gero, 11:00etatik 12:30era bitartean ibilbide motz bat egingo dute. Antonio Sudupe antolatzailek azaldu ditu topaketaren gorabeherak. «Ibilbide motza egin nahi dugu. Ibilgailu klasikoak herrira ekarrita, ikuskizuna herri barruan izatea nahi dugu; guretzat garrantzitsua da herriko jendeari horrelako ibilgailuak erakustea», eman du azalpena. Ibilbidea egin ondoren, Plaza Berrin ibilgailuen erakusketa egingo dute. Bazkalondoren, 17:00etan, parte-hartzaileen artean doako zozketa egingo dute.
Errioxatik, Madrildik zein Zaragozatik etorriko dira ibilgailuak aurten ere. «Etortzen direnek beti esaten dute Plaza Berri bezalako kalerik ez dagoela beste inon. Harrituta gelditzen dira», eman du azalpena.
Errifak saltzen
Aurten ere errifa egingo dute antolatzaileek. Plaza Berrin dute erakusleihoa, Aldalur arropa dendaren eta garai bateko Alameda tabernaren artean dagoen erakusleihoan. Sudupek Isidro Etxanizen lana ere goraipatu nahi izan du «lanerako beti prest» dagoela argudiatuz. «Zazpi urtean erakusleiho desberdinetan jarri dugu errifa erakusgai, eta zazpi erakusleiho horietatik sei gaur denda bezala lanean ari dira», jakinarazi du bitxikeria bezala Sudupek. Jakitera eman dutenez, erakusleihoan dagoena baino handiagoa izango da errifa, oraindik hainbat produktu falta baita erakusleihoan.
Bazkarirako izena eman daiteke
Egunean bertan, 14:30ak aldera, bazkaria egingo dute Orbela eta Koxka tabernetan. Sudupek azaldu duenez dagoeneko eman daiteke izena. Horretarako, Kutxako 2095 5028 70 9115036181 kontu korronte zenbakian hogei euro ordaindu beharko dira maiatzaren 11a baino lehen. Bazkariko menua honako hau izango da: urdaiazpikoa, kroketak, entsalada mixtoa, oilaskoa patatekin, izozkia flanarekin, kafea eta edariak.