Agurtzane Odriozola: «Bideokluben kontua joan zen ja; esku batekin kontatzeko lain gelditzen dira»

Maxixatzen.eus 2018ko api. 7a, 09:16

Mirari Peña Juaristi eta Agurtzane Odriozola Arruti, Amalur bideoklubean.

Agurtzane Odriozola Arruti (Azkoitia, 1969) Amalur bideoklubeko nagusia da. Bideoak saltzeari aspaldi utzita badago ere, oraindik dendako apaletan ikus daitezke hamaika DVD kaxa. Dioenez, bideokluben garairik onena 1980-1990 inguru hori izan zen, eta, ondorioz, beste bide batzuetatik bideratu behar izan du negozioa. Halere, oso gustuko du saltzaile lana, jende atsegin asko ezagutzeko aukera izan baitu.

 

Zer duzu salgai gaur egun dendan?

Bideoak, ogia, egunkariak, aldizkariak, goxokiak eta loteria.

Zer saltzen duzu gehien?

Loteria Nazionala Gabon bueltan asko saltzen da, baina urtean zehar asko ez da jokatzen. Primitiva, Euromillon eta Bonoloto saltzen ditugu gehien. Bideoak, berriz, inork ez ditu erosten gaur egun.

Ez dira garai onenak, beraz, bideo saltzaile batentzat.

Ez, ez, ezertarako ere ez. 1980-1990 inguru hori izan zen bideoklubarentzat garairik onena. Gerora, inguruko denak ixten joan dira. Donostian ere Euskal Bideo izeneko denda ospetsua zegoen, eta haiek ere itxi zuten. Bideokluben kontua joan zen ja. Esku batekin kontatzeko lain gelditzen dira. Inoiz dendara sartu gabekoak harrituta gelditzen dira bideoak ikusten dituztenean: «Jesus, bideokluba al da hau?».

Zergatik dituzu bideoak dendan?

Ez dakidalako beste zerekin asmatuko nukeen negozioa hobeto joateko. Norbaitek esaten badit «jarri hau, asko salduko duzu eta!», bihar bertan kenduko nituzke bideo guztiak. Badakit alferrik ditudala, baina, hala ere, gasturik ez dauka, erosi ez ditudalako egiten. Daudenak lehendik nituenak dira. Batzuk salduko nituzke, baina beste batzuk oso onak dira, eta ez nuke nahi saltzerik; pena handia emango lidake.

Noiz iritsi zen bideokluben beherakada nabarmena?

Internet bidezko deskarga ilegalak hasi ziren garaian, eta telebistan askoz ere kate gehiago jarri zirenean eskuragarri. Makina ere eduki nuen bideoak kanpotik alokairuan hartzeko, baina arazoak ematen hasi zitzaidan, eta azkenerako ez zidan konpentsatzen hura mantentzeak. Bideokluba zabaldu nuenetik gorabehera asko izan ditut. Hala ere, inoiz ez dut pentsatu negozioa ixtean.

Orain loteria saltzera bideratua duzu negozioa, beraz; sartu-irten handia izaten al da?

Astelehenetan bai, joko denak jokatzeko aukera izaten delako. Asteartetik aurrera egun lasaiak izaten dira. 1985ean, Primitiva-eta saltzeko lizentzia hartu nuen, eta ordutik ari naiz saltzen. Loteria Nazionala saltzen, berriz, 2010. urtean hasi ginen. Nik ez dizkiot urte asko ikusten, batez ere 50 urtetik gorako bezeroa duelako horrek, batez ere gizonezkoa. Orain gazteentzako Reta apustuak direla esango nuke erakargarriak: momentuan jasotzen da dirua, eta kirol aukera asko ematen ditu. Horiek merkatura sartu zirenetik, kinielaren kontsumoa pixka bat jaitsita dago. Hala ere, gazteentzako arriskutsuagoa dela iruditzen zait joko hori, gazteak ludopatiara bideratzeko arriskua baitago.

Ikusten al duzu ludopatia kasurik dendan?

Gazteetan ez. Gainera, debekatuta daukagu 18 urtetik beherakoei saltzea. Baina 50 urtetik gorako batzuen artean ikusten da, bai.

Nolako etorkizuna ikusten diozu zure negozioari?

Internet bidez ere kinielak erosteko aukera ahalbidetzen ari dira, eta orain Loteria Nazionala ere hastekotan omen dira. Horrek dendako salmenta asko jaitsiko luke, gure kalterako. Dena Internetera eramaten hasten badira, gu hemen alferrik gaude. Baina, tira, nik aldaketa hori ez dut epe motzera ikusten oraingoz. Momentuz, lasai nago.

Gustuko al duzu zure lana?

Bai, jendearekin tratua izatea oso gustuko dut. Gainera, lau ordu egoten naiz dendan, eta airean pasatzen zaizkit. Nik luzaroan horrelaxe jarraitzea sinatuko nuke. Jende atsegin asko ezagutzeko aukera ere eman dit dendak, eguneroko hartu-emanari esker.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide