Passepartout taldea 'Sinergia' disko berria aurkeztear da

Maxixatzen.eus 2018ko api. 4a, 11:25

Passepartout musika taldea Sinergia diskoa aurkeztetik gertu da. Apirilaren 6an, datorren ostiralean, taldeak modu digitalean entzungai jarriko ditu disko berriko hamabi kantak. Hamabi kantetatik bi instrumentalak dira eta gainerako hamar letra eta guztizkoak. Oholtzan egingo dute diskoaren aurkezpena gero, eta egun horretarako gogor ari dira prestatzen.

Itzi Beitiak —teklak—, Jontxu Apek —baxua—, Ruben Lizarraldek —gitarra—, Tomas Lizarazuk —gitarra eta ahotsa— eta Xabi Arrietak —bateria— joan den urteko abuztutik zuten buruan diskoa sortzea eta egikaritzea. Orduan hasi ziren lehen konposaketa lanekin eta entseguekin, baina grabaketa lanak urtarrilean hasi zituzten. Boskoteak Arrasateko Shot! estudioan grabatu du diskoa, Alberto Martinez eta Ander Barriusoren gidaritzapean. Martinez ekoizle lanetan ari zaie laguntzen eta Barriuso, arlo teknikoan.

Azkoitiko musika taldeak, bestalde, Une kantaren bideoklipa aurkeztu berri du bere Facebook orrialdean. Maria Arrietak eta Azul Ayusok mugimenduz jantzi dituzte Sinergiaren lehen doinuak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide