Ekainean izango da aurtengo 3x3 Futbol Festa

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 26a, 14:45

Aurten ere 3x3 Futbol Festa Azkoitian izango da, ekainaren 22tik 24ra bitartean. Azken urteetan irailean izan baldin bada ere, aurten ekainera aurreratzea erabaki dute Azpeitia Cup txapelketako antolatzaileek. Izena emateko epea irekita dago maiatzaren 27ra arte.

 

Bestalde, antolatzaileek aurreikusita dute Xabier Munibeko festa izango dela hilaren 22an, eta, beraz, egun horretan ez dute Xabier Munibeko taldeen partidarik ipiniko.

Futbol partidak herriko plazan izango dira, bertan belar artifizialeko bi futbol zelai txiki jarriko baitituzte. 5 urtetik 11 urte bitarteko Urola Kostako gaztetxoek parte hartu ahal izango dute —2007tik 2013 urteetan jaiotakoak, urte horiek barne—.

Izen-ematea Azpeitia Cup txapelketako web orrian dagoen formularioaren bidez edota Azpeitiko Halcon Bidaiak bulegoan eta Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan eskuragarri dauden izen-emate orrietan egin beharko du. Jokalari bakoitzeko 10 euro ordaindu beharko dira. 

Lau jokalariz osatu beharko dira taldeak —hiru jokatzen eta ordezko bat—. Hamar minutuko partidak izango dira, atsedenik gabe. Talde bakoitzak bost neurketa jokatuko ditu, eta jokalari bakoitzak txapelketako kamiseta eta domina jasoko ditu.

Nahi duten ume guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten, umeen izen-ematea egitean, lau jokalariz osatutako taldea edo osatu gabe eman ahalko dute izena. Horrela, umeren bat talderik gabe egongo balitz, antolakuntza bera arduratuko litzateke falta diren taldeak osatzen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide