Noiztik zara Zubiaurre Igeri Elkarteko kide?
Txiki-txikitatik, sei edo zazpi urterekin eman zuten nire izena gurasoek igeriko ikastaroetan.
Zergatik eman zenuen izena?
Lagunek igeriketa ikasten hasi behar zutela-eta, nire gurasoek eta nik ere horrela erabaki genuen. Gainera, baloiarekin egiten diren kirolak ez nituen gogoko.
Gustuko al duzu igeriketa; zergatik?
Bai. Igeriketak gauza berriak ikusteko aukera eman dit eta lagun pila egiteko aukera ere izan dut. Horrez gain, gustuko dudan kirola da igeriketa, eta gustura sentitzen naiz igeri egiten dudan bitartean.
Nolako giroa duzue taldean?
Oso ona! Lana egin behar denean, lana egiten dugu, eta ondo pasatu behar den momentuetan, horrela egiten dugu.
Banaka ala taldeka, nola nahiago?
Biak ditut gustuko. Izan ere, oso talde polita dut nire adineko beste hiru mutilekin. Baina bakarkako probak ere oso gustuko ditut, bertan lortu baititut garaipen baliotsuenak.
Zein estilotan moldatzen zara erosoen?
Estilo guztiak atsegin ditut, baina erosoena bizkar eta krol estiloetan moldatzen naiz.
Lehia gogorra al dago infantil mailan?
Bai lehia handia dago. Infantil mailako lehen urtea dut, eta bat zaharragoen aurka lehiatu behar izaten dut. Baina, hala ere, uste nuena baino errazago moldatu naiz eta emaitza onak lortu ditut.
Tolosan jokatu zen infantil mailako Euskal Herriko Neguko Txapelketan, Espainiako gutxieneko denbora egin zenuen, 100 metro bizkar frogan. Eta hori gutxi balitz, 100 metro eta 200 metro bizkar frogetan Euskal Herriko txapeldun geratu zinen. Nolako sentsazioekin amaitu zenuen proba?
Proban dena eman nuen, eta denbora pixka bat behar izan nuen gorputzari buelta emateko. Baina nire helburua lortu nuela ikusi nuenean, oso pozik sentitu nintzen.
Asteburu honetan Espainiako Txapelketan hartuko duzu parte. Gogotsu al zaude? Nolako aukerak ikusten dituzu?
Oso gogotsu nago. Izan ere, neure kabuz egindako denborari esker joango naiz, lehen aldiz. Ez dut aukera handirik ikusten, baina ea finalean sartzea lortzen dudan.
Lehen aldia al da maila horretako txapelketa batean parte hartuko duzuna?
Ez da lehen aldia; iaz ere izan nintzen Euskal Selekzioarekin Mallorcan (Balearrak) jokatu zen Espainiako txapelketan.
Zenbat aldiz entrenatzen duzu?
Normalean, astean bost aldiz entrenatzen dut, baina txirrindularitzan ere ibiltzen naiz eta ahal dudan moduan saiatzen naiz bi kirolak uztartzen.
Zure etorkizuna igeriketan nolakoa ikusten duzu?
Ez dakit nire etorkizuna non ikusten dudan, baina badakit dena ematen jarraituko dudala. Gainera, Euskadi mailan lehiatzen jarraitzea nahiko nuke.
Amets bat?
Espainiako txapelketaren batean finalera sailkatzea. Baina amets moduan hartzen dut, oso zaila baita.