Prest da Azkoitri Triatloi Kluba denboraldi berriari ekiteko

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 17a, 10:49

Azkoitri Triatloi Klubeko kideak, aurkezpen ekitaldian.

Azkoitri Trialtloi Kluba prest da denboraldi berria hasteko. Gaur goizean taldeko argazkia atera du Oteiza pilotalekuetan. Denboraldi berriari 39 kiderekin ekingo dio klubak, baina horietatik 16 dira lehiatzeko lizentzia dutenak.

 

Taldean zazpi kide dira azkoitiarrak, eta bederatzi azpeitiarrak. Pixkanaka kluba «hazten» ari dela adierazi du Aitor Beneitez Azkoitri Triatloi Klubeko ordezkariak. Nahiz eta une honetan lizentziadun 16 kirolari egon, denboraldia amaitu aurretik 25-30 izango direla aurreikusten dute klubetik.

Herrian egiten diren duatloietan ere aldaketak izango dira. Beneitezek jakinarazi duenez, duatloi herrikoia bakarrik izango da aurten herrian. Federatuentzako orain arte egin den duatloirik ez da izango. «Azken urteetan ez dugu Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzaren eta Euskal Herriko Triatloi Federazioaren babesik jaso, eta aurten ez egitea erabaki dugu», azaldu du Beneitezek. Uztail aldera egingo dute aurten bosgarren edizioa beteko duen duatloi herrikoia, eta antolatzaileek herritarrei deialdia zabaldu diete, «edozeinek har baitezake parte». Parte hartzaileek bi kilometro korrika, zortzi kilometro bizikletan eta bukatzeko beste kilometro bat korrika egin beharko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide