Bazkaltzeko eta afaltzeko lekua dagoela jakinarazi dute Martirietako festetako antolatzaileek

Maxixatzen.eus 2018ko mar. 2a, 10:40

Martirietako Emeterio eta Zeledonio jaien kartela.

Emeterio eta Zeledonio jaiak ospatuko dituzte bihar Martirieta auzoan. Bazkaria eta afaria dira egitekoak auzoan, besteak beste, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, oraindik bi otorduetarako lekua dago.

 

14:00etan egingo dute bazkaria, eta honakoa izango da menua: bakailao tortilla, letxuga entsalada, txuleta pikilloko piperrekin, postrea, kafea eta kopa. Afaria, bestalde, 21:00etan egingo dute: entsalada nahasia, legatz frijitua, sahieskia, postrea, kafea eta kopa. Afalostean, Kupela taldearekin erromeria izango da Martirietako Elkartean. 30 euroko prezioa du bazkariak eta beste horrenbeste afariak. Bi telefono zenbaki eman dituzte horretarako: 620 85 67 65 edo 636 15 43 37. Nahiz eta izena emateko epea otsailaren 28an ixten zen, erreserba egiteko azken lekuak gelditzen direla ikusita, luzatzea erabaki dute jaietako arduradunek.

Horrez gain, bestelako ekintza batzuk ere izango dira Martirietan. 11:00etan emango diete jaiei hasiera. Auzotarrak arduratuko dira festak iragartzeko txupinazoa botatzeaz. Ondoren, 11:30ean, auzoko hildakoen aldeko meza izango da, eta amaitutakoan, trikitilariekin batera, hamaiketakoa egingo dute elkartean. 16:00etan, Martitteko Bentako I. Mus Txapelketa Azkarra jokatuko dute, lau erregetara. Guztira lau sari banatuko dituzte. Irabazleek, 300 euro eta txapela jantziko dute, bigarren sailkatuek 100 euro eta arkumea irabaziko dituzte, hirugarrenek 60 euro eta oilaskoak, eta laugarrenek, azkenik, otarra bat.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide