EH Bilduk parke estaliaren kokapena erabakitzeko herri galdeketa eskatu dio Udal Gobernuari

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 23a, 13:42

Iraitz OtaƱo, Ainara Goenaga eta Itziar Joaristi.

Azkoitiko EH Bilduk prentsaurrekoa eman du gaur, hilak 23, Udal Gobernuak parke estalia Gaztanenean eraikitzeko hartu duen erabakia eta gero.

 

«Beste alderdiei eta herritarrei galdetu gabe erabaki dute parkea Gaztanenea eraikinaren ondoan eraikitzea», azaldu du Iraitz Otaño EH Bilduko zinegotziak. «EAJren Udal Gobernuak alde bakarreko erabakia hartu du herritarrentzako oso garrantzitsua den parke estaliaren inguruan», esan du jarraian. Hori dela eta, EH Bilduk parke estaliaren kokapena erabakitzeko parte hartze prozesu bat edo herri galdeketa bat egiteko eskatu dio Udal Gobernuari. «Herriak badu heldutasun demokratikoa, eta berak erabaki dezala inposizioaren gainetik», gaineratu du Otañok.

EH Bilduk gogora ekarri du aurreko legealdian herritarren parte hartze prozesu bidez erabaki zela parke estalia egitea eta horren kokalekua. «Proiektua egina zegoen, eta hauteskundeen ondoren EAJk bertan behera utzi zuen parke estaliaren proiektua», adierazi du bozeramaileak.

Hiru urte pasatu dira EH Bilduk parke estaliaren proiektua egin zuela, eta «parte hartzearen oinarria bertan behera» utzi izana ere salatu dute koalizioko zinegotziek. Aurreko legealdian prestatutako proiektua ere erakutsi dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide