Emeterio eta Zeledonio jaiak ospatuko dituzte martxoaren 3an, Martirieta auzoan

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 22a, 13:35

Hurrengo zapatuan, martxoaren 3an, Emeterio eta Zeledonio jaiak ospatuko dituzte Martirieta auzoan. Egun osoko egitarau zabala osatu dute antolatzaileek.

 

11:00etan emango diete jaiei hasiera. Auzotarrak arduratuko dira festak iragartzeko txupinazoa botatzeaz. Ondoren, 11:30ean, auzoko hildakoen aldeko meza izango da, eta amaitutakoan, trikitilariekin batera, hamaiketakoa egingo dute elkartean.

14:00etan bazkaria egingo dute: bakailao tortilla, letxuga entsalada, txuleta pikilloko piperrekin, postrea, kafea eta kopa. 16:00etan, Martitteko Bentako I. Mus Txapelketa Azkarra jokatuko dute, lau erregetara. Guztira lau sari banatuko dituzte. Irabazleek, 300 euro eta txapela jantziko dute, bigarren sailkatuek 100 euro eta arkumea irabaziko dituzte, hirugarrenek 60 euro eta oilaskoak, eta laugarrenek, azkenik, otarra bat.

Afaria ere egingo dute elkartean, 21:00etan. Ondorengo menua eskainiko dute: entsalada nahasia, legatz frijitua, sahieskia, postrea, kafea eta kopa. Afalostean, Kupela taldearekin erromeria izango da Martirietako Elkartean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, bazkarirako eta afarirako aurrez eman beharko da izena. 30 euroko prezioa du bazkariak eta beste horrenbeste afariak. Bi telefono zenbaki eman dituzte horretarako: 620 85 67 65 edo 636 15 43 37. Izena emateko azken eguna datorren asteazkena, otsailak 28, izango da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide