Duela 40 urte inguru dantza eskola bat jarri zuen martxan, eta 20 bat urtez aritu zen euskal dantzak irakasten. Kantzel zaharrean ematen zituen eskolak. Belaunaldi oso batek, ehunka neska-mutilek, eskola horretan ikasi zuten dantzan.
Fandangoa eta arin-arina erakusten zituen, eta dantza suelto txapelketatarako ere prestatu zituen hainbat eta hainbat bikote azkoitiar. Horretarako, Oruesagasti bera Osintxura joaten zen dantzari buruzko teknika zehatzagoak ikastera. Ibilbide horretan, berekin alboan izan zituen Maisol Urteaga eta Belen Sagarzazu. «Alaia, langilea eta beti laguntzeko prest zegoena zen; emakume bikaina. Hutsune handia utzi du euskal kulturan eta herrigintzan», azaldu dio Sagarzazuk Maxixatzeni.
Dantza munduan bakarrik ez, euskal kultura bultzatzeko hamaika ekintzatan ere parte hartu zuen bere bizi osoan. Maxixatzenenek 2016ko abenduan elkarrizketatu zuen, San Andres jaien harira, talogintzan ere aditua zelako.