David Alberdi: «Mitologikek kultura aldetik hartu du bidea, Euskal Herriko pertsonaia mitologikoak ezagutarazteko»

Maxixatzen.eus 2018ko ots. 9a, 09:35

David Alberdi, Mitologikeko arduraduna.

David Alberdi Costas (Azkoitia, 1973) gero eta arrakasta handiagoa duen negozio batean sartu zen urtarrilean. Escape Room fenomenoa iritsi da Euskal Herrira ere, eta Alberdik Mitologik Escape Room gelak ireki ditu Donostian. Abentura, kultura, berrikuntza eta dibertsioa uztartzen dituen euskal mitologiaren Escape Room-a izango da. Asmoa da buru arintasuna aktibatzea, talde lankidetza sustatzea eta euskal mitologiaren mundua gehiago ezagutaraztea. Besteak beste, lamien, basajaunen eta Mariren kondairak zein izan ziren jakiteko aukera egongo da.

 

Zer da Escape Room-a?

Escape Room izeneko abentura geletan, espazio fisikoetan sartzen zara. Normalean, bitik bostera bitarteko taldeak izaten dira. Helburua da 60 minutuan gela horietatik irtetea logika eta buru arintasuna erabilita.

Nondik dator horrelako abentura gelak sortzeko ideia?

Hungariatik dator ideia, eta orain dela lauzpabost urte Bartzelonan eta Madrilen modan jarri zela ikusi genuen. Bilbon ere pila bat ireki dute, eta Donostian berri bat irekiko dugu orain.

60 minutuan gela batetik irtetea lortu behar da. Askok lortzen al dute?

Normalean lortzen dute, bai. 60 minutu izaten dira, baina azken Escape Room berriak 70 edo 80 minutukoak ari dira egiten. Aurretik Izurunen ere lan egin dut, hau da, Donostian dagoen beste abentura gelan, eta esan dezaket %70ek ez dutela irtetea lortzen, eta %30ek bai.

Talde baten orain arteko denborarik onena zein izan da? Zergatik izan zela uste duzu?

39 minutu behar izan ditu orain arteko talderik azkarrenak. Horiek abentura gelen zaleak ziren, eta aurrez beste batzuk eginak zituztelako lortu zuten horrelako denboran irtetea.

Berezitasunik ba al du Mitologikek?

Mitologiken berezitasuna da askoz didaktikoagoa dela. Hiru ibilbide izango ditu, eta museo txiki bat ere bai, euskal mitologiaren ingurukoa. Gainera, ikastetxeek Mitologik esperientzia egin dezaten, liburu-gida didaktikoa egituratu dugu, Euskal mitologiaren mundu magikoa izenekoa. Durangoko Azokan aurkeztu genuen, eta oso pozik gaude, hirugarren egunerako denak saldu genituen eta. Ikastetxeentzat hiru ibilbide izango dira, ordu eta erdi edo bi orduko esperientzia. Horrela, euskal mitologiaren pertsonaia guztiak jokoen bitartez ezagutuko dituzte.

Nolako probak dira? Fisikoak eta psikikoak?

Proba denak logika, buru arintasuna eta talde lana erabili beharrekoak dira. Proba fisikorik ez dago, baina, jokoaren tentsioa eta denbora mugatua dela eta, batzuk izerditan irteten dira, kar-kar-kar.

Zuek hutsetik sortzen al dituzue probak?

Probak Bartzelonako enpresa batekin eta geure artean ari gara garatzen. Nahiko zaila da probak egitea eta dekorazioan integratzea. Proba batzuk erosteko aukera dago Internet bidez, baina probek bereziagoak izan behar dutela pentsatzen dugu.

Zein adinetako jendearentzat dira probak?

Adin guztietako jendearentzako jokoa da. 10 urtetik gorako haurrei gurasoekin joateko gomendioa egiten diegu, eta txikiagoek ez dute ondo ulertzen jokoa.

Zein gai daude aukeratzeko? Irizpideren bat ba al duzue gaiak aukeratzeko?

Mitologikek kultura aldetik hartu du bidea, Euskal Herriko pertsonaia mitologikoak ezagutarazteko; gehiago ez dago aurreratzerik. Izurun Escape Roomeko nire lankideek Donostiako historiarekin egin zuten lotura.

Probak aldatzen al dituzue denborarekin?

 Proba batzuk aldatzen dira noizean behin, pare bat urte pasatu eta gero. Batzuk hasieratik aldatu behar izaten dira, ireki aurreko proba egin eta gero. Guk egindako probak, batzuetan, oso azkar puskatzen dira. Horregatik, probetako materialek oso gogorrak izan behar dute, bertatik jende asko pasatzen delako.

Zenbat lagunen artean daramazue negozioa? Zein da helburua?

Bi bazkide gara, eta Donostiako aisia eta eskaintza hobetzea da gure helburu nagusia. Urtarrilean irekiko dugu Mitologikabentura gela.

Abentura gelen joera goraka al doa?

Ez dakit arrakasta den hitza, baina mota honetako eskaintzak goraka doaz. Gipuzkoan hiru gaude gaur egun, eta 2018. urtetik aurrera hamar izango gara.

Zenbat lagun sar daitezke batera gelara?

Guretzat, hiru edo lau pertsonarekin osatutako talde batekin primeran pasa daiteke, are gehiago talde lana ondo egiten duen taldea bada. Mitologik esperientzian gutxienez bi pertsona sartu ahalko dira ibilbidera, eta gehienez sei.

Despedidetan egiteko plana al da batzuentzat?

Despedidetarako ere izan daiteke, noski. Kopatxo bat baino gehiago edanez gero, ordea, ziurta diezazuket ez direla irtengo abentura geletatik, kar-kar-kar.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide