Zer izan da zuretzat horrelako txapelketa bat sortzea emakumeak ere pilotan jokatzeko?
Berandu etorri da, baina positiboki baloratzen dut. Aukera ederra da gure talentua erakusteko.
Zenbat partaide zeuden aurtengo Master Cup txapelketan? Nazioartekoa da ala Euskal Herri mailakoa?
Udaberrian binakako txapelketa izan genuen, eta han 80 lagunek eman genuen izena. Orain amaitu berri den lau eta erdikoan, berriz, 66 lagun izan gara. Niri Gipuzkoako eta Bizkaiko jendearekin lehiatzea tokatu zait, baina edonork har zezakeen parte: katalanak, valentziarrak eta mexikar bat ere aritu dira lehian.
Nolako maila egon da txapelketa horretan? Nolako giroa egoten zen pilotalekuan?
Emakumeen mailarik altuenean lehiatu gara eta izugarrizko maila egon da. Hala ere, pilotalekuan normalean ez zen jende asko egoten, batez ere hasierako kanporaketetan.
Esperientzia honetatik zerrekin geratuko zinateke?
Txapelketa honek beste pilotari batzuk ezagutzeko aukera eman dit eta harreman onak sortu dira gure artean.
Urriaren 21etik abenduaren 6ra lau eta erdiko Master Cup txapelketan aritu zara, azaroan Kontzejupeko txapelketan eta urtarriletik aurrera, binakako txapelketan arituko zara.
Bai, eta udara osoan herriz herri jaialdiak egiten eta bertso pilotan parte hartzen pasatu dut. Bide batez, pilotarien sehaska den gure herrian, emakumeen pilotarekin zerikusia duen zerbait antolatzearen falta sumatu dut.
Zein neurritan jokatzea gustatzen zaizu gehiena?
Modalitate bakoitzak du bere xarma. Binakakoan bikotearekin lortzen duzun babesa oso polita da, baina lau eta erdian ere oso gustura aritu naiz.
Federatuta al zaude?
Gipuzkoako federazioak ez du ezer antolatzen emakumeen pilotan eta, beraz, ez nago federatuta. Beraiek antolatutako txapelketetan federatuta egotea ezinbestekoa litzateke , baina ez dutenez antolatzen, niretzako gastu bat gehiago da.
Nazioartean ere badira eskuz jokatzen duten emakume pilotariak. Nolako maila dago nazioarteko emakumeen artean?
Egia esan mexikarra bakarrik ezagutzen dut, eta bere maila ezin dut baloratu pilota ezberdinak erabiltzen dituztelako. Eta nik hemengo pilotarekin ikusi dut. Beraz, bere jatorrizko egoeran ez badut ezagutu, ezin baloratu.
Zer du berezia kirol honek zuretzat?
Betidanik ibili izan naiz pilotan, ez naiz inoiz izan geldi egoteko neska. Hamabost urte nituela ordea utzi egin behar izan nion ez zegoelako jarraitzeko aukerarik, eta beste hamabost urte pasatu ditut jokatu gabe. 30 urte nituela Hernanin egon zen pilota ikastaro batean hartu nuen parte, eta hor hasi nintzen berriro. Ikastaroa egin eta gero, Azpeitiko Udaletik deitu ziguten festetan emakumeen pilota partidak antolatzeko, eta jaialdi hori aitzaki hartuta, elkartzen hasi ginen entrenamenduak egiteko, eta gaur arte.
Emakumeen pilotari mundua orain arte eten egiten zen, aurrera egiten zutenek mutilekin jokatu beharra zegoelako edo pilotak gogorragoak zirelako. Orain ordea emakumeen ezaugarrietara moldatuta dago pilota, eta aukera dago emakumeen artean txapelketak jokatzeko. Zer iritzi duzu horri buruz?
Pilota moldatu da eta niretzat oso beharrezkoa eta garrantzitsua izan da. Honek emakume askori aukera eman baitio pilotan hasteko edo jarraitzeko. Guk erabiltzen dugun pilota goxoa da, 70 gramo ingurukoa.
Zenbat aldiz entrenatzen duzu astean?
Astean bitan elkartzen gara, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.
Lana eta zaletasuna partekatzen dituzu. Nola daramazu? Pilotatik bizitzea gustatuko al litzaizuke?
Momentuz gustura eta pozik nabil. Ez litzaidake gustatuko bertatik bizitzea, orain nabilen moduan ederki nago.
Interesa pizten al du emakumezkoen pilotak?
Nahi baino interes gutxiago pizten du emakumezkoen pilotak, baina bagoaz aurrera horretan ere. Gure helburua pilota partidak ikustera etortzea da. Neska zein mutil izan pilotari.
Gauza berri bat denez, ohitura falta ere izango da edo?
Ohitura edo informazio falta agian.
Nolako harrera sentitu duzu herrian Master Cupeko txapelketa irabazi ondoren?
Espero ez nuen harrera izan da. Uste nuena baino jende gehiagok zoriondu ninduen, eta oraindik ere zoriontzen naute kalean.
Udaletxean harrera egiteko eskaera egin zuten herritar batzuk, baina ez zuten antolatu; zer diozu horri buruz? Mutila izango bazinen desberdina izango zela uste al duzu?
Harrera egitea eskatu zutenei eskertu egin nahiko nieke, baina pentsatu nahiko nuke mutila izango banintz ere berdin jokatuko zutela udal ordezkariek.
Anaitasunako Senior Nesken partidan ohorezko sakea egin zenuen.
Bai, eta ez nuen uste inoiz horrelakorik egiteko aukerarik izango nuenik. Taldeari eskerrak eman nahiko nizkioke, nirekin akordatzeagatik eta aukera luzatzeagatik.
Zer iritzi duzu Azkoitian ospatzen den Pelotai Eunei buruz?
Ez dut informazio handirik, baina emakumeen parte hartzea faltan botatzen dut. Ea 2018ko Pelotai Euneako denon artean zerbait lortzen dugun.
Etorkizunera begira, nola ikusten duzu emakumeen pilota?
Oraindik lan asko badago ere egiteko, aurrera doa. Neska gazteei pilotan jokatzera animatzeko eta gustatzen bazaie aurrera jarraitzeko esango nieke. Nahi izanez gero pilotan jokatu ahal da, eta espero dut hemendik aurrera aukera gehiago izatea neska azkoitiarrek.
Motzean:
Hiri bat: Donostia
Hizkuntza bat: Euskara
Filma bat: ‘Amama’
Musikari bat: Aiora Renteria
Palaz, zestaz, eskuz…? Eskuz
Andramaixek ala sanandresak? Biak
Atanillo ala Reyes? Reyes
Eskuinez edo ezkerrez? Tokatzen dena
Gantxoa ala bi pareta? Gantxoa
Mendia ala hondartza? Hondartza
Oporraldi bat non? Menorcan
Papera ala digitala? Digitala
Frontoi bat? Kontzejupea
Pilotari bat? Bengoetxea IV. a