Zein unibertsitatetan egin zenituen ikasketak? Euskaraz?
Euskal Herriko Unibertsitatean egin nituen ikasketak, lehen zikloa Leioan eta bigarrena Basurton. Euskaraz egin ditut ikasketak, nire lehen hizkuntza euskara baita. Lanean ere beti galdetzen diet pazienteei ea zein hizkuntzatan sentitzen diren erosoen.
Zein espezialitate aukeratu zenuen?
Anestesiologia, bizkortzea eta min kronikoaren terapia aukeratu nuen espezialitate bezala. Arrazoi askok eraman ninduten aukera hori hartzera. Askorentzat gure lana nahikoa ezezaguna den arren, kirurgia guztien atzean anestesiologoak duen papera ikusi nuenean argi izan nuen hori egin nahi nuela. Gure lana ez da pazienteak lokartzearekin amaitzen; kirurgia aurreko, tarteko eta ondorengo zainketa-medikuen arduraduna da anestesista. Momentu horietan organoen funtzionamenduaren ardura anestesiologoen esku geratzen da, baita minik ez izatea ere, besteak beste.
Zergatik erabaki zenuen medikuntza ikastea?
Betidanik gustatu izan zaizkit zientzia arloko ikasketak, eta hori pertsonei lagunduz uztartzea ahalbidetzen du medikuntzak. Gustuko dut lanbidea; egunero zerbait berria ikasteak lana ilusioz egitera bultatzen nau. Gainera, pertsonei momentu txarrak arinago pasatzen laguntzea lan polita da.
Lanean hasi berritan beldurrik sentitu al zenuen?
Hasieran beti izaten da akatsen bat egiteko beldurra. Ardura handiko lana da, pertsonen bizitza jokoan baitago. Kirurgia batean erantzukizun handia du anestesiologoak gaixoaren segurtasunari eta bizitzari dagokionez, baita pazientea ahalik eta egoera onenean esnatzearena ere. Berehala konturatzen zara, ordea, ondo formatuta gaudela eta gai garela egoera horiek aurrera ateratzeko.
Kalteak sor ditzakezula kontuan izanda, erraza al da egunerokotasunean lan egitea?
Anestesiologian formazioa hasten dugunetik, momentu kritikoetan taldeko liderra izaten eta egoera gestionatzen erakusten digute; horretarako entrenatzen gaituzte. Nahikoa integratuta dugu gauzak beti ez direla nahi bezala izaten, eta gure lanean, batzuetan, ondorio larriak ere izaten direla. Halere, egoera horiek eramatea ez da erraza izaten.
Zein izan da egin duzun lanik zailena? Eta atseginena?
Jaioberri bat erditze gelan suspertu behar izan genueneko eguna gogoratzen dut; zorionez haurrak bizirik jarraitzea lortu genuen. Momentu atseginak berriz asko izan dira. Pazienteek asko eskertzen digutena mina kentzea izaten da; aurpegia nola aldatzen zaien ikustea bezalako eskerrik ez dago.
Medikuon erabakia zalantzan jartzen al dute gaixoek?
Asko hitz egiten da gauza horiei buruz, baina nire esperientziaren arabera, orokorrean medikuaren erabakia ez da zalantzan jartzen. Pazienteek errespetuz jokatzen dute medikuokin. Mediku gaztea izanda ere, ez dut mesfidantzarik sentitu. Gaixoek eta euren familiek beti jarri izan dute konfiantza osoa guregan.
Interneteko informazioak medikuon sinesgarritasuna kolokan jarri izan al du?
Ez dut uste horrela izan beharko lukeenik. Gaur egun, mota guztietako informazioa dago Interneten eta, zenbait kasutan, gaixoak euren kabuz informatzea, eta jasango dituzten prozesuei buruz arduratzea ondo iruditzen zait. Jendea informazio iturri fidagarriak erabiltzera bultzatu beharko genuke. Ezin dugu ahaztu, bestalde, paziente bakoitza desberdina dela, eta informazioa orokortzea ezinezkoa dela. Horretarako daude gaixoak bakarka tratatzeko formatutako medikuak.
Medikuntza ez da matematika.
Ez, eta horrek azaltzen digu askotan gure lanaren emaitzak ez direla espero bezalakoak izaten. Faktore askok parte hartzen dute pertsonengan eta sendaketa prozesuetan, eta momentuz, ezinezkoa da dena kontrolatuta izatea.
Gizarteak une tristeekin lortzen du zuen lanbidea; kontrakorik ere izango da ala?
Bai, aberasgarria da pazienteen bizi kalitatea hobetzea, euren irribarrea ikustea, edo ezagutzen ez dituzun pertsonen eskerrak jasotzea. Baita erditze prozesuan amaren ongizatean parte hartzea eta haur jaioberriek ekartzen duten poztasuna bizitzea ere. Norbaiti bere ongizatea hobetzen laguntzeak, polita egiten du gure lana.