XXXVI. Bizenta Mogel Lehiaketak baditu irabazleak

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 26a, 13:56

Bizenta Mogel Lehiaketaren XXXVI. edizioaren lehenengo saria Markinara joango da, Iraitz Legarra Basterretxearen eskutik eta Printzesen negarra ipuinarengatik. Iaz ere berak jaso zuen lehenengo saria. Gainerako bi sariak Azkoitian gelditu dira. Bigarren sariduna ere iazko bera da: Lide Rekondo Jauregi. Aurten Postala Giraldatik izenburupean aurkeztu du bere lana. Hirugarren sariduna ere azkoitiarra da. Juan Ramon Alberdi Ibarmia, hain zuzen. Mangolioak loretan lanari esker jasoko du saria Alberdik.

 

Guztira, 29 lan aurkeztu dira XXXVI. edizio honetara; iaz, berriz, 33. Sari banaketa udaletxean egingo da otsailaren 16an, 19:00etan. Lehiaketan parte hartu dutenekin batera, herritar guztiak gonbidatuta daude ekitaldira.

Epaimahaiak gai nagusiari ematen zaion tratamendua, irakurlearengan pizten duen interesa, errimoa edota euskara maila dira ipuinak baloratzerako orduan aintzat hartzen dituzten irizpideak.

Udalak bi urtez behin argitaratzen ditu ipuinak. Iaz 1999tik 2006ra bitartean saritutako ipuinak jasotzen dituen liburua kaleratu zuen eta datorren urtean aterako du hurrengo liburua jarraipena emateko.

Bizenta Mogel, Bizent Mogel Elgezabal, euskarazko lehen emakumezko idazlea dugu. Azkoitian jaioa 1782an. Garai zailetan, ikasteko aukera soilik gizonezkoen pribilegioa zen sasoietan gailendu zen Mogel.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide