'Moby Dick' antzezlana zapatuan, Baztartxon

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 24a, 10:25

(Argazkiak: Gorakada taldea)

Zapatuan, 18:00etan, Moby Dick antzezlana eskainiko du Gorakada taldeak Baztartxon. Sei urtetik gorako ikus-entzuleentzako ikuskizuna da, eta sarrerak lau euro balio ditu. Aktore lanetan, besteak beste, Jose Cruz Gurrutxaga aktore azkoitiarra arituko da.

 

Gorakada taldeak Moby Dick antzezlanaren inguruan egindako laburpena:

«Moby Dick 6 urtetik aurrerako ikusle guztientzako ikuskizuna da. Bertan, literatura unibertsaleko artelan honen handitasuna nolabait islatzen saiatu gara. Eleberria osorik eszenaratzen ahalegintzea, izan ere, zentzugabea eta handizaleegia izango litzateke. Hala ere, jolas egin eta gure imajinazioa martxan jartzeko aukera paregabea dugu, gure gazteak itsasoaren, kaxaloteen eta pertsonaien gorabeheratan murgiltzeko. Hori guztia ikusi ahalko du ikusleak elementu eszenikoak, erritmoa, umorea, musika, aktoreen lana eta Melvilleren hitzak lagun.

Ismael Pekoden ontziratuko da, Acab kapitainaren balea ontzian. Bidaian zehar, itsasoko bizimoduaren plazerez gozatuko du, lagunak egingo ditu, eta balea mota desberdinak identifikatzen ikasiko du. Baina, Acab kapitainak balea zuria harrapatzea baino ez du izango buruan eta obsesio horrek hondamendira eramango ditu bai Pekod, bai eta tripulazioa ere».

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide