Ezkontzetako itxurakeria oinarri, Txarriboda obra estreinatuko du bihar Errenterian Hika konpainiak. Imanol ezkongaia hezurmamituko du Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1983).
Noiztik ari zarete obra hau prestatzen?
Irailean hasi ginen, eta bi hilabete eta erdi eman ditugu obra prestatzen. Sei aktore gara taldean, eta egonaldiak egin ditugu Hernanin, Durangon, Azpeitian eta Errenterian. Nahikoa gogor aritu gara lanean, egia esan.
Zer moduzko esperientzia izan da Azpeitiko egonaldia?
Oso gustura egon ginen. Azaroan bi aste egin genituen eta abenduan beste hiru. Noski, sei aktoreren agendak batzeak nahikoa lan du, eta astean hirutan goizez izaten genituen entseguak, eta arratsaldez beste bi egunetan. Ondorioz, astean bitan Azpeitian geratzen ginen lotan, sei lagunetik lau Bilbo aldetik zetozen eta. Egunean zazpi orduz aritzen ginen. Soreasu areto erraldoia da, eta hotza ere pasatu dugu. Gainontzean, ondo moldatu gara. Espazio aldetik areto handia izateak askatasuna ematen zigun lanerako garaian.
Zer du hizpide Txarriboda antzezlanak?
Kabaret kodea du oinarri antzerki obrak. Probokazio puntu bat ere badu, nahiz eta publikoa errespetatuko dugun. Azkenean, kritika sozial bat egiten du beti kabaretak, eta probokazio ukitua izaten du. Istorioa bi planotan kontatzen da: alde batetik, jantokian gertatzen dena irudikatzen dugu, eta, bestetik, sukaldean zerbitzariek eta sukaldariek ezkontza nola ikusten duten. Ezkontza baten atzean ezkutatzen den hipokrisia du hizpide lanak: guztiok dugu kanpora begira itxura bat, eta ezkontzetan hori azpimarratu egiten dugu. Denok elegante janzten eta orrazten gara, eta irribarrerik ederrena ateratzen dugu. Baina, gero, bakoitzak barruan ditugu istorioak eta trapu zaharrak, eta istorio guzti horien arteko kontakizun bat da obra.