Urte berriarekin batera, bertso tailerra antolatuko dute, eta horretarako, bertsoa maite duten oro animatzen ari dira lantegi horretan izena emateko. Lotsak alde batera utzita, probatzea da euren aholku nagusia. Helburua da bertsolaritza gustuko duen jendea elkartzea eta zerbait ikasiz astean behin zaletasun hori partekatzea.
Nolatan sortu da tailer hau sortzeko ideia?
I.T: Inguruan bertsozale ugari dagoela iruditzen zaigulako eta, jende hori, pixkanaka, bertsotan sakontzera, ikastera edota gozatzera animatzeko.
S.E: Hori da. Gainera, askotan esan izan diegu bertso eskolara etortzeko, baina talde finkatu bat ikusten dutelako edo urte batzuk daramatzagulako, ez dira animatzen. Jende hori animatzea da gure helburua, jakin dezaten inoiz ez dela berandu ikasten hasteko.
Zer esango zeniokete izena emateko zalantzan dabilen horri?
I.T: Animatzeko. Gutxienez, izena eman eta probatzeko, etorkizunean izena ez ematearen damurik ez izateko.
S.E: Zalantzak uzteko eta animatzeko. Bertsolaritza gustatuz gero eta ikasteko edo ikusteko gogoa edukiz gero, izena emateko.
Nola oroitzen dituzue bertso eskolako hasierako uneak?
I.T: Oroitzapen ona daukat. Ni hasi aurretik lau kide elkartzen ziren bertso-eskolan eta berain laguntzaz pixkanaka askatzen joan nintzen, hasieran bertso txar ugari kantatuz.
S.E: Gelako bi mutil eta ni hasi ginen eta oroitzapen oso onak ditut, erdi urduri joaten nintzen, baina oso ondo pasatzen genuen.
Bertsolaria izan ala egin egiten da?
I.T: Garai batean, bertsolaria jaio egiten zen ustea zabalduta zegoen, baina ikasi edo egin ere egin daiteke, beti ere, bertsolari sena edukita. Hizkuntza menperatzea, zaletasuna, gogoa eta motibazioa dira oinarrizko baldintzak.
S.E: Bai; egin egiten da, ikasi egiten da. Garrantzitsuena gogoa da, beste gauza guztietan bezala, ikasteko gogoa. Jardunez ikasten da.
Zenbat lagun elkartzen zarete bertso eskolan?
Azkoitiko helduen bertso eskolan bederatzi lagun elkartzen gara astearte iluntzero. Oso giro ona daukagu, lagun artekoa. Giro horretan erraza da astero elkartu eta dakigun hori praktikatzea.
Zer eman dizue bertso eskolak?
I.T: Lehenik eta behin, bertsotan egiteko aukera. Horrez gain, bertso mundua gertutik ezagutu ahal izatea eta, pixkanaka, oholtza gainean kantatzeko gai izatea, hala nola, Gipuzkoako Herriartekoan. Bestalde, egunerokotasuneko erabaki txikiak azkarrago hartzen ere lagundu dit.
S.E: Askotan diot bertso eskolagatik naizela naizen bezalakoa. Oso lotsatia nintzen eta oraindik ere banaiz, baina bertso eskolari esker lotsa horri aurre egiten ikasi nuen: ez da besterik geratzen 13 urterekin beste sei lagunen aurrean kantatzen hasi eta lau bertsotatik hirutan isildu edo hanka sartzen baduzu. Ohitu egiten zara, horrela ikasten da. Eta horrek bertso eskolatik kanpo ere balio izan dit niri.
Bertsolaritzak garai onak bizi al ditu?
Egia da Txapelketa Nagusia bukatu berri dela eta lau urtez behin etortzen den tsunami bat bezala dela. Baina bertsolaritza ez da txapelketa bakarrik, urte guztian lantzen den itsaso bat da bere marea guztiekin. Bertso eskoletan eta herrietako bertso mugimenduan izugarrizko lana egiten ari dira. Transmisioa da bertsolaritzaren zutabe garrantzitsuenetako bat, eta lan horri esker egungo ekosistema osoa egonkortu eta datorrena ziurtatzen da.