Onartuta 2018rako Udalaren Aurrekontu Orokorrak

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 28a, 11:40

Atzo, asteazkena, izan zen Udal osoaren ez ohiko bilkura, eta 14.453.394 euroko aurrekontu kontsolidatua onartu zuten 2018rako.

 

Udalaren aurrekontua 14.100.000 eurokoa izango da 2018an. Elkarguneak 821.473,76 euroko partida izango du: San Jose egoitzak 73.000 eurokoa eta Azkoitia Lantzenek 276.894 eurokoa.

Atzoko bilkurara ez zen bertaratu Irabazi-Azkoitia Bai alderdiko Jose Joakin Etxaniz ordezkaria. Beraz, ordezkaritza duten beste hiru alderdiek bozkatu zituzten aurrekontuak.

EAJ eta PSE-EE alderdiek Udalaren eta gainerako erakundeen aurrekontuen alde bozkatu zuten. EH Bildu abstenitu egin zen Udalaren, Elkargunearen eta Azkoitia Lantzenen aurrekontuen bozketan eta San Jose egoitzaren kasuan aldeko bozka eman zuenez, aho batez onartu zen.

Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak 2018rako aurreikusitako proiektu nabarmenenak aipatu zituen: parke estalia eraikitzea, San Martin auzoko Balda kalean irisgarritasun lanak egitea edota Plaza Berri eraberritzeko proiektua lantzea. Halaber, esan zuen, jarraituko dutela kaleak eta espaloiak txukuntzen, baita baserri bideak konpontzen ere. Prebentzio Mahaiari jarritako partida ere azpimarratu zuen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide