186 lagun atxilotu dituzte, horietatik 163 Gipuzkoan bertan, eta batzuk Bilboko, Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetan. Beste 59 lagunen bila dabiltza. Gehienak eskubiderik gabe oinarrizko errenta jaso zuten pertsonak dira, baina sareko ustezko burua ere harrapatu dutela dio Poliziak, agiri faltsuz betetako poltsa batekin.
Jose Manuel Portela atzerritarren brigadako Donostiako arduradunak azaldu zuenez, ikerketa 2016ko abuztuan hasi zen, «jatorri pakistandarreko herritarren migrazio mugimendu klandestino bat» antzeman zutenean.
Lanbideko zuzendari Borja Belandiak baieztatu zuen enplegu zerbitzuek hasieratik izan zutela operazioaren berri eta «aktiboki» elkarlanean aritu direla Espainiako Poliziarekin. Belandiak zehaztutakoaren arabera, paper susmagarriak ikusiz gero, poliziei jakinarazten diete, iker ditzaten.
Portelak esan zuenez, iruzur kasu gehienak Azkoitian, Azpeitian, Eibarren eta Elgoibarren egin ziren arren, sareak Beasaingo etxe batetik egiten zuen lan. Hara jotzen zuten pakistandar jatorriko herritarrek agiri faltsu bila —pasaporteak, errolda edo lan agiriak—, eta 350 edo 400 euro ordaintzen zituzten haien truke. Paper horiekin DSBEa edo Gipuzkoako Aldundiaren DSBL diru sarrerak bermatzeko laguntza eskuratu zituzten. Guztira, 331 agiri faltsu aurkitu dituzte, eta kalkulatu dute iruzurra 3,7 milioi euroraino irits daitekeela.
Oinarrizko errenta eskatzen zuten ustezko iruzurgileetako asko ez ziren Gipuzkoan bizi, Europako edo Asiako beste leku batzuetan baizik. Kasu batzuetan, Lanbidek edo Gipuzkoako Aldundiak banatutako laguntzak «egun berean» Pakistanera desbideratzen ziren, mintzategien bitartez edo jasotzaileak hara joaten zirelako.
Lanbideko buru Belandiak nabarmendu zuen «ahalegin» handia egiten ari direla gizarte laguntzen kontrola zorrozteko, eta hatz-marka digitalaren bitartez «eraginkorrago» izango direla. Hori bai, nabarmendu zuen «jarrera puntualek» ezin dutela auzitan jarri Lanbideren zerbitzuaren kalitatea.