«Euskaldun jaiotzeko zortea izan dugunok, badakigu euskarak mundu oso bat hartzen duela bere barruan eta euskara ikasten duenari mundu horren ateak zabaltzen zaizkiola», esan du Javier Zubizarreta alkateak, plaza-bete haurren aurrean.
Alkateak Joxe Artzek esandakoa ekarrri du gogora: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ez dutelako ikasten, dakitenek ez dutelako hitz egiten baizik».
Arratsaldez ospakizunak jarraitu egingo du. 18:45ean, Udaletxeko batzar aretoan euskararen aldeko Adierazpen Instituzionala irakurriko da, azaroko udal osoaren bilkuran aho batez onartua. Herriko elkarteei ere gonbitea luzatu zaie udaletxera gerturatzeko.
Eta 19:00etan, plazan, herriko elkarteetako ordezkariak eszenatokira igo eta euskara eurentzat zer den azalduko dute. Bakoitzari hizki bat emango zaio eta denen artean «Azkoittixek euskeraz bizi nahi du» esaldia osatuko da. Amaitzeko, Erniarraitz Bertsozale elkartearen bertsoa abestuko da.