Euskararen Egunerako gaztetxoek sortutako ideiak gauzatuko dira bihar, plazan

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 3a, 10:40

Argazkian, Alba Zabala, Aroa Zamora, Eider Caballero, Laura LarraƱaga, Urko Sudupe eta Haritz Alberdi.

Euskararen Egunerako egitaraua berritzeko balio dezaketen ideiak saritu ditu aurten Azkoitiko Euskara Mahaiak. Urtero gaur, abenduak 3, ospatzen da Euskararen Eguna, baina igandea denez eta herriko ikastetxeek ere parte hartzen dutenez, aurten abenduaren 4an, bihar, ospatuko da Azkoitian. Horretarako, aurten lehendabiziko aldiz, ideia lehiaketa bat abiatu dute gaztetxoen proposamenak jasotzeko. Azkenean, DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak izan dira sarituak, eta bihar goizeko eta arratsaldeko ekintzetan landuko dira haiek sortutako ideiak. Gaztetxoek Maxixatzeni azaldu diotenez, aurten «modu berezi batean» ospatuko dute Euskararen Eguna.

 

Azkoitia BHIko, Urola Lanbide Eskolako eta Floreaga Salestar Ikastetxeko ikasleek hartu dute parte Ideian Lehiaketan; guztira 75 proposamen jaso ondoren, hiru ideia berritzaile saritu ditu Euskara Mahaiak.

Sarituak 12 eta 13 urteko ikasleak izan dira, eta «sekulako ilusioa» egin zieten saria irabazteak: «Maxixatzen.eus-en ikusi genuen irabazleak ginela. Gezurra izango zela pentsatu genuen hasieran, ez genuen sinesten. Sekulako poza sentitu genuen», diote.

Lehenengo saria (200 euro), DBH 1eko Urko Sudupe Olaizola eta Haritz Alberdi Alberdi bikoteak irabazi du, Azkoittik euskaraz bizi nahi du ideiari esker. Besteak beste, herriko talde eta eragile guztiak gonbidatuko dituzte ekitaldian parte hartzera, eta talde bakoitzari euskararen aldeko mezu bat eskatuko diote. «Diru asko gastatu gabe, merke, zerbait ikusgarria egitea nahi genuen», diote. «Herriko taldeek parte hartzeko ekintza bat izatea nahi genuen».

Bigarrengo saria (100 euro), DBH 2ko Laura Larrañaga Madridek irabazi du, Lagun ezkutua ideiarekin. Gutun trukaketa bat proposatzen du, Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko ikasleen artean. «Bi eskolatako harremana sendotzea nahi nuen, nire ustez bananduta gaudelako. Gainera, familian urtero opariekin egiten dugun jokoa, Lagun Ezkutua, bururatu zitzaidan. Ideia ona iruditu zitzaidan, eta orduan opari trukaketa bat izan beharrean, eskutitzena izatea pentsatu nuen», azaldu du Larrañagak.

Hirugarrengo saria (50 euro), DBH 2ko hiru laguneko taldeak irabazi du: Alba Zabala Juaristi, Aroa Zamora Juaristi eta Eider Caballero Dávila. Euskara hegan izenburupean, puxikak aireratuko dituzte barruan euskarari buruzko esaldiren bat idatzita, eta puxikak behera jaisten direnean bakoitzak beste baten puxika hartuko du eta bertako mezua irakurriko du. «Pixkanaka denon ideiak batzen joan ginen. Hau da burura etorritakoa esaten hasi ginen, eta horrela, elkarlanean, ganorazko ideia bat sortzea lortu genuen. Zerbait ikusgarria izatea nahi genuen», azaldu dute.

Horrenbestez, bihar egun osoan entzungo da euskararen aldeko aldarria. Goizean eskoletako ikasleek eta irakasleek ospatuko dute plazan, eta arratsaldean, herriko taldeena izango da protagonismo osoa. Azkoitiko Euskara Mahaiak herriko taldeei eta eragileei gonbidapena luzatu die aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunean parte har dezaten.

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide