Abuztuaren 15eko juergan, 16 goizaldera, banku batean eseri nintzen lagun batekin. Kontu kontari geundela, mutil bat gure aurrean zegoen garaje baten parean gelditu zen mugikorrarekin, eta barrura sartu zen. Handik gutxira, neska bat etorri zen eta hau ere garaje barrura sartu zen. Nire laguna eta biok bankuan jarraitu genuen, etxera joateko inongo presarik gabe. Handik denbora batera, neska garajetik atera zen eta segituan begi bistatik galdu nuen; mutila, berriz, ez zen garajetik atera ere egin, hemendik aurrera ez zen mutilaren arrastorik izan.
Orduan hasi zen dena niretzat. Negarrak. Orruak. Mina soma nezakeen inguruan. Ez nekien zer gertatzen zen, zer egin, zalantza mordoak egin zuen eztanda nire buruan: Nor ote da? Zer gertatu ote zaio? Zer egin dezaket? Oihuka nor ari zen begiratzera joan eta garajean mutil harekin egon zen neska zela ohartu nintzen, eskailera batzuetan eserita, hanka tartetik sekulako odol isuriaz. Eta han nengoen ni. Burutik inoiz kenduko ez dudan irudi hura nahi gabe memorizatzen. Odola eta samina. Ankerkeriaren irudi bizia. Inoiz bortxatuko ez gaituztelako sinesmena faltsua denaren froga. Piztia uste baino gertuago dudala, dugula, ikusarazi zidan irudia. Azkoitian. Azkoitiarra. Eta horren aurrean zer egin?
Ahal nuen moduan handik jaiki eta ni nengoen bankura joateko konbentzitu nuen neska. Lasaitzen saiatzen nintzen bitartean, odoldutako gainekoa kendu eta neure jertsea jantzi zuen. Inork ez genekien nola jokatu, zer esan. Baina gauza bat garbi zegoen: mediku batek ikustea behar zuen. Autoa hartu eta urgentzietara joan ginen. Galduta zegoen, eta nik ezintasun ikaragarri bat sentitzen nuen. Beretzat hain gogorra zen egoera non medikua aurrean zuela, hanka tartetik odola zeriola, ez zuen bere izena eman nahi. Galduta. Minduta. Nola hala nor zen esan zuen eta medikuak segituan anbulantziari deitu eta bere kontsultara pasarazi zuen. Nonbaitetik atera zuen indarra.
Han nintzen ni, anbulantziaren eserlekuetako batean, 17 urteko neska hari lagundu nahian. Inoiz horrelako egoera bat suertatuko ez zitzaidalako ustea birrinduta. Barrenak ere halaxe, birrinduak. Bat-bateko balaztada batekin anbulantzia eta nire pentsamenduak gelditu ziren. Bere gurasoak zetozen atzeko autoan. Anbulantziatik jaitsi nintzen eta etxerako bidea hartu nuen.
3 hilabete pasa badira ere, oraindik gai honek orduak kentzen dizkit eta amorrua sortzen dit. Gure herrian jasotzen ari den erantzunak amorrua sortzen dit. Bortxatzaile bat babesten ari gara. Ezin dut egoera hau jasan eta kontatu beharra dut. Umeek eredutzat dutela ikusteak, eredutzat jartzen diegula ikusteak, egoera hau isilean noiz arte mantendu behar dugun pentsatzera narama.
Zenbati egin ote dio? Zenbat isildu ote dira? Zenbat joan ote dira etxera “lasai, ezta eze pasatzen” entzunda? Neu biktimetako bat izan naitekeela pentsatzeak ahul sentiarazten nau. Zenbat gehiagori egingo ote dion pentsatzeak beldurtu egiten nau.
Azkoitian asko gustatzen zaigu morboa. Zurrumurruak aise zabaltzen dira eta inguruan gertatzen dena kritikatzea zilegi dela iruditzen zaigu askotan. Orain, berriz, zerbait benetan garrantzitsua, onartezina gertatu denean mingain gehienak isildu dira. Txoritxo askok mokoa itxi dute edo egia ezkutatu dute. Biolazioaren kultura hau hain barneratua ez bagenu, medikuak egoera ikusita beharrezko neurriak hartuko lituzke. Erasotzailearen izen-abizenek herrian hainbesteko pisurik ez balute, inguruak mutila salatu eta baztertuko luke. Eta ez litzateke testu honen beharrik izango».