Egun horretarako, Euskara Mahaiak 19:00etarako deitu ditu herriko taldeak. Plaza goraino betetzea da asmoa. Talde bakoitzak, kide baten ahotik, mezu bat irakurriko du: “Zer da zuretzat euskara?” galderari erantzun beharko diote. Ondoren, denen artean mural bat osatuko da hizkiekin, lelo hau osatu arte: “Axkoittixek euskeraz bizi nahi du”.
Amaiera emateko, Erniarraitzeko bertsolariek prestatutako bertsoa abestuko da plazan.
Loturan bertsoa entzungai.
Doinua: Bizitza kantu bat da.
Batzuentzat arrotza
besteen arnasa
dabil kalerik kale
dabil plazaz plaza
izan daiteke testu,
solasa, jolasa,
izan aurrez aurreko
edo mezu jasa
zuk nahi duzun moduan
hartu eta pasa!
“Euskarak guztiok behar gaitu, eta herrigintzan ari garen talde guztion konpromisoa beharrezkoa da, hizkuntza bizirik mantentzeko. Ahalegin horretan egunero egiten ari zareten lana plazara atera nahi dugu”, dio Euskara Mahaiak.
Aurten Euskara Mahaiak ideia lehiaketa antolatu du Euskararen Eguneko egitaraua berritzeko eta hain justu, lehiaketan irabazle suertatu diren ideiak gauzatuko dira. Besteak beste, eragileek parte hartzeko aukera luzatzea.
Herriko taldeez gain, ikasleak dira beste protagonistak. Euskararen Egunaren bueltan, gutun trukaketa egiten ari dira Azkoitia BHIko, Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Salestar Ikastetxeko ikasleak euren artean. LH5, LH6 eta DBHko gaztetxoak ari dira parte hartzen, eta horietako zenbait gutun ikastetxeekin eguerdian egingo den ekitaldian irakurriko dira plazan.
Egun berean, LH1-4 ikasturtekoek, berriz, “Euskara hegan” ekimena burutuko dute. Puxikak aireratuko dituzte, barruan euskararen inguruko mezuak sartuta.
Euskara Mahaia osatzen duten erakunde eta eragileak honako hauek dira: Udala, AEK, Hitza, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, AEK, Bizilore, Floreaga Ikastetxea, Xabier Munibe Ikastola, Azkoitia BHI eta Urola Lanbide Eskola.