Asteburua kultur ekintzaz beteta dator

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 17a, 12:45

Argazkia: Su Ta Gar taldea.

Asteburu honetan hainbat kultur ekitaldi egingo dira herrian. Musikak izango du protagonismo berezia, baina antzerkiak ere izango du bere lekua. Herriko taldeen zein beste herrietatik etorritakoen emanaldiak eta kontzertuak izango dira, beraz, gaurtik zapatu gaueko ordu txikiak arte.

 

Gaur arratsaldean hasiko dira ekitaldiak. Bizkargi Musika Eskolako trikitilariek, kalejira egingo dute herrian zehar. Soinu joleek eta pandero joleek 17:30etatik aurrera astinduko dituzte euren instrumentuak. Behin kalejira amaituta, 18:30ean Elkargunean, Santa Zeziliaren omenez, Musika Eskolako kideek jaialdia egingo dute. Gaurko egunarekin amaitzeko, gau partean, Zurt Tabernan Hartz eta Nomadak taldeek kontzertua eskainiko dute. 23:00etan hasiko da lehen kontzertua.

Zapatuan ere izango da ekintzarik. 12:00etan, herriko musika bandak Santa Zeziliaren omenezko kalejira egingo du. 20:00etan, berriz, Faemino y Cansado bikoteak antzerki ikuskizuna emango du Baztartxo antzokian. 'Quien tuvo, retuvo' emanaldia eskainiko du bikote madrildarrak.

Egunarekin, eta asteburuko emanaldiekin amaitzeko, 23:00etan, Su Ta Gar talde eibartarrak 2016. urtean aurkeztutako 'Maitasunari pasioa' aurkeztuko du herriko plazan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide