Batetik, Ibai-Ondo kalean kiroldegiko pistara eramaten duen arrapala bat eraiki da zama lanetarako. Bestetik, Elkarguneko sarrera nagusian eta ondoko ateetan kristalezko estaldurak ipini dira erabiltzaileek aterpe gune bat izan dezaten, eta azkenik kiroldegiko sarrera zaharreko kanpokaldeko eta barrukaldeko ateak aldatuko dira. Izuaren aurkako barrak izango dituzte ateek sarrera-irteerak errazteko. Aipatu diren hobekuntzen kostuaren %50a estaliko du Aldundiaren laguntzak.
Rokodromo berria, homologatutako kanastak eta beste ur depositu bat
Foru Aldundiaren laguntza jasoko duten hobekuntzak ez dira bakarrak. Udalak beste 30.000 euro erabili ditu rokodromo berria jartzen. Aurrekoak, txiki geratzeaz gain, ez zuen aukerarik ematen sokekin altueran eskalada praktikatzeko. Oraingoak, berriz, bai. Zabaleran 8+3,75 metro ditu eta altueran, 9,76 metro. Egitura jarrita dago jada eta materiala, sokak kasu, iristear dira.
Halaber, langileak hasita daude saskibaloi kantxan homologatutako saskiak jartzen. Saski horiek bertan maila goreneko partiduak jolasteko aukera ematen dute. Lurra margotuko da eta markagailuan ere aldaketak egingo dira, jokalari bakoitzaren dortsala agertuko delarik partidua jarraitzeko. Lan horiek 36.441,43 euro kostako dira.
Elkargunean egin den beste hobekuntzetako bat ur hornidurari dagokiona da. Berez, erabiltzaile guztientzat ur beroa ekoizteko gai da instalazioa, baina une puntualetan, dutxetan erabiltzaile kopurua altu biltzen zen uneetan, ur beroa murriztu egiten zen. Horri soluzioa emateko, bigarren ur depositu bat jarri da. 441 litroko ahalmena du deposituak eta 13.760, 11 euroko aurrekontua.